Goierriko Artisten Topaketa, bertako artearen erakusleiho
Batasunak indarra ematen duela esan ohi da, eta Goierriko artistek, aspaldi ekin zioten elkarlanaren bideari. Aurten hamaikagarren urtea bete du Goierriko Artisten Topaketak. Bertako egileen erakusleihoa da erakusketa hau, baina baita artisten topagunea ere. Izan ere, elkarren artean hitz egin, iritziak elkartrukatu eta batak bestearengandik ikasteko baliatzen dute erakusketa. Aurten ere, 29 artisten lanak bildu dituzte Usurbe antzokian, eta abenduaren 30era bitartean bisitatu ahal izango dira. Mila Mendia da erakusketan parte hartu duen artistetako bat. Bere lana erakusteaz gain, ordea, aurtengo topaketaren antolaketa lanetan ere aritu da, Ramon Paredesekin batera. Ekimena aspalditik ezagutzen bazuen ere, duela hiru urte animatu zen Mendia, erakusketan parte hartzera. «Nik ikusle bezala ezagutu nuen topaketa, urtero etortzen nintzen, mundu hau asko gustatzen zait eta. Nik ere lan batzuk egiten nituenez, banuen gogoa zerbait ekartzeko, eta duela hiru urte hasi nintzen parte hartzen». Guztira Goierriko 29 egileren lanak daude; bakoitzak obra bana ekartzen du, eta horrek estilo, material eta molde ezberdinen nahasketa interesgarria sortzen du. Izan ere, eskultura, buztingintza eta margolanak bildu dituzte, eta horien artean ere, teknika, material eta lan egiteko molde ezberdinak daude. «Poza ematen du besteen lanak ikusi eta gure inguruan zer nolako aberastasuna dagoen jabetzeak». Batzuk kanpoan gelditu direla azaldu du Mendiak, «etortzeko [...]
Batasunak indarra ematen duela esan ohi da, eta Goierriko artistek, aspaldi ekin zioten elkarlanaren bideari. Aurten hamaikagarren urtea bete du Goierriko Artisten Topaketak. Bertako egileen erakusleihoa da erakusketa hau, baina baita artisten topagunea ere. Izan ere, elkarren artean hitz egin, iritziak elkartrukatu eta batak bestearengandik ikasteko baliatzen dute erakusketa. Aurten ere, 29 artisten lanak bildu dituzte Usurbe antzokian, eta abenduaren 30era bitartean bisitatu ahal izango dira.
Mila Mendia da erakusketan parte hartu duen artistetako bat. Bere lana erakusteaz gain, ordea, aurtengo topaketaren antolaketa lanetan ere aritu da, Ramon Paredesekin batera. Ekimena aspalditik ezagutzen bazuen ere, duela hiru urte animatu zen Mendia, erakusketan parte hartzera. «Nik ikusle bezala ezagutu nuen topaketa, urtero etortzen nintzen, mundu hau asko gustatzen zait eta. Nik ere lan batzuk egiten nituenez, banuen gogoa zerbait ekartzeko, eta duela hiru urte hasi nintzen parte hartzen».
Guztira Goierriko 29 egileren lanak daude; bakoitzak obra bana ekartzen du, eta horrek estilo, material eta molde ezberdinen nahasketa interesgarria sortzen du. Izan ere, eskultura, buztingintza eta margolanak bildu dituzte, eta horien artean ere, teknika, material eta lan egiteko molde ezberdinak daude. «Poza ematen du besteen lanak ikusi eta gure inguruan zer nolako aberastasuna dagoen jabetzeak». Batzuk kanpoan gelditu direla azaldu du Mendiak, «etortzeko gogoz». Izan ere, urte batetik bestera «jendea aldatzen joaten da, eta batek agian urte batean batek agian ezin du etorri, baina hurrengoan seguru asko hemen izango da».
Parte hartu duten artisten artean, hamahiru emakumezko eta hamasei gizonezko daude. Ibilbideari dagokionean ere, denetarik dago; bide luzea egin duten artista beterano ugari, hala nola Eduardo Lasheras, Jesus Lopez Zulueta, Javier Soto, Peio Goello edota Luis Mari Telleria; baina baita arte munduan bidea egiten ari diren gazteak ere; tartean Leire Markinez, Aitor Merchan edota Alazne Mujika.
Artisten topalekua
Mendiaren ustez, artisten topaketa hau «ekimen polita» da, izan ere, «bakoitzak zer egiten duen ikusteko balio digu, bai guk egiten duguna erakusteko, eta baita besteek egiten dutena ikusteko ere. Eta hori oso interesgarria da». Izan ere, erakusleiho izateaz gain, topagune izaerak ematen dio berezitasuna erakusketa honi. «Geure artean hitz egiteko aukera izaten dugu, konfiantza gehien duzunekin teknika edo gauza konkreturen batean hitz egiten duzu; azken batean gauzak konpartitzen ditugu eta zer edo zer beti ikasten da».
Goierriko Artisten Topaketa abenduaren 30era arte izango da ikusgai, Usurbeko erakusketa gelan. Arratsaldero zabaltzen dute, 19:00etatik 21:00etara.













