Industri turismoa lantzeari buruzko ikerketa proiektu batek jaso du Gerriko ikerlan beka
Gerriko ikerlan bekaren 16. deialdian turismoa eta enpresen mundua uztartzeko ikerketa proiektu batek irabazi du saria, Turismo industriala Goierrin: enpresak bertatik bertara bisitatzearen onurak egitasmoak. Ostiral gauean jakinarazi zuen Gerriko bekako lan-taldeak bekaren irabazlea. Goizalde Hernando eta Galder Guenaga unibertsitate irakasleak dira egileak. Proiektua garatzeko urtebeteko epea izango dute orain. Bekak 7.000 euroko balioa du; %40 jaso dute hasieran, eta ikerlana garatu ahala gainontzekoa. Epaimahaia Mikel Haranburuk, Paulo Iztuetak, Mikel Zurbanok eta Jaione Apalategik osatu dute. Ohi bezala, Jokin Apalategi izan da zuzentari zientifikoa. Bekaduna aho batez hautatu dute. Bi diziplina uztartzea da Guenagaren eta Hernandoren egitasmoaren helburua: ekonomiaren eta munduaren mundua batetik, eta turismoarena bestetik. «Kontua enpresak bisitatzea da. Ez da batere fenomeno ezaguna Euskal Herrian, ezta Goierrin ere bereziki. Baina beste paraje batzuetan egiten da: enpresek ateak zabaltzen dituzte bisitak jasotzeko, eta ez soilik profesionalen, bezeroen edo hornitzaileen bisitak. Edonorenak, tartean turistenak, herritarrenak, ikastetxeetako ikasleenak, kazetarienak… Zergatik ez egin halakorik? Gardentasunez, ateak ireki eta erakutsi zer egiten den», azaldu du Galder Guenaga ikertzaile bekadunak. Katalunian, Frantziako zenbait eskualdetan edota Torinon (Italia) turismo industriala errealitatea da. Torinon, adibidez, enpresak bisitatzea produktu turistiko bat da. Toledon ere (Espainia) hasiak dira. Guenagak ardo upategiak jarri ditu adibide bezala: «Berez enpresak dira, [...]
Gerriko ikerlan bekaren 16. deialdian turismoa eta enpresen mundua uztartzeko ikerketa proiektu batek irabazi du saria, Turismo industriala Goierrin: enpresak bertatik bertara bisitatzearen onurak egitasmoak. Ostiral gauean jakinarazi zuen Gerriko bekako lan-taldeak bekaren irabazlea. Goizalde Hernando eta Galder Guenaga unibertsitate irakasleak dira egileak.

Goizalde Hernando eta Galder Guenaga bekadunak, eta Arantxa Bengoa zinegotzia./Aimar Maiz
Proiektua garatzeko urtebeteko epea izango dute orain. Bekak 7.000 euroko balioa du; %40 jaso dute hasieran, eta ikerlana garatu ahala gainontzekoa. Epaimahaia Mikel Haranburuk, Paulo Iztuetak, Mikel Zurbanok eta Jaione Apalategik osatu dute. Ohi bezala, Jokin Apalategi izan da zuzentari zientifikoa. Bekaduna aho batez hautatu dute.
Bi diziplina uztartzea da Guenagaren eta Hernandoren egitasmoaren helburua: ekonomiaren eta munduaren mundua batetik, eta turismoarena bestetik. «Kontua enpresak bisitatzea da. Ez da batere fenomeno ezaguna Euskal Herrian, ezta Goierrin ere bereziki. Baina beste paraje batzuetan egiten da: enpresek ateak zabaltzen dituzte bisitak jasotzeko, eta ez soilik profesionalen, bezeroen edo hornitzaileen bisitak. Edonorenak, tartean turistenak, herritarrenak, ikastetxeetako ikasleenak, kazetarienak… Zergatik ez egin halakorik? Gardentasunez, ateak ireki eta erakutsi zer egiten den», azaldu du Galder Guenaga ikertzaile bekadunak.
Katalunian, Frantziako zenbait eskualdetan edota Torinon (Italia) turismo industriala errealitatea da. Torinon, adibidez, enpresak bisitatzea produktu turistiko bat da. Toledon ere (Espainia) hasiak dira. Guenagak ardo upategiak jarri ditu adibide bezala: «Berez enpresak dira, baina bisitariak jasotzea erabaki zuten duela hainbat urte. Ibilaldi bat bodegan barrena, kata bat, bazkaldu bertan… Jaten eman ez agian, baina edozein enpresak eskain dezake ordubeteko bisita».
Enpresentzat publizitatea izan daiteke arrazoi bat bisitak hartzeko, baina ez bakarra: «Marketina, gizarte erantzukizuna, gardentasuna erakustea… Bisitarientzat ere bertatik bertara mundu ezezagun eta kasu askotan liluragarri bat ikusteko eta esperimentatzeko modu bat da. Hori ustiatu gabe dago».
Fenomenoa ezagutaraztea eta aukera badagoela jakinaztea izango da lehen zeregina, bai enpresei, bai herritarrei. «Enpresak uzkur eta errezeloz ageri dira, baina onura asko jaso ditzakete, tresna bat da eta. Herritarrentzat, berriz, hondartzez, katedraleez edo museoez gain, beste era bateko amuzki turistikoak badaude».

Gerriko ikerlan bekako antolatzaile, epaimahaikide eta saridunak, ostiralean, Lazkaon./Aimar Maiz













