Zabaleta, Jaka eta idazteko makina bat
Jose Antonio Zabaleta gudariari (Urretxu 1915-Derio 1937) eta haren senitartekoei omenaldia egin die Eusko Alderdi Jeltzaleak, hil zutela 75 urte bete diren egunean. Zabaleta Urretxun jaio zen eta 7 urte inguru zituela Zumarragako Elizkalera aldatu zen. Francisca Zabaleta, gudariaren arreba gazteena, herenegungo ekitaldian izan zen, baita Jesus Mari Garralda haren semea ere. «Amaren buruak ez du gaur bertan egindakoa gogoratzen; baina anaia ez du ahaztu, ederki gorde ditu haren kontuak». Francisco Zabaleta Derioko (Bizkaia) hilerrian fusilatu zuten 1937an, Ormaiztegin komunikazioak moztu izana leporatuta.
Zabaleta sendiak gudariaren oroitzapena gorde du, urtetan, isilean. «Amak bere gauza guztiak gordeta zituen eta guk umetan objektu haiei guztiei begiratzen genien, altxorrak izango balira bezala», dio ilobak. Ordutik, urtero, kandela piztu diote erail zuten egunean.
Jose Antonio Zabaletaren izena altxatuen epaitegi militarrek heriotza zigorra ezarri zien lagunen zerrenda zabalagoaren baitan dago. Zerrendan dauden guztiak urritik abendura bitartean Derion eraildakoen izenak dira. Batzuei garrotez aplikatu zieten heriotza zigorra. Beste batzuk armetan iragan zituzten; horien artean egon zen Zabaleta. Zerrenda ilun hau La Gaceta del Norte egunkariak argitaratu zuen, 1937ko abenduaren 22an.
Aurrekoa, Zabaletari buruzko dokumentazio zabalagoaren zati bat da. Izan ere, gudariaren memoriak isiltasuna eta denbora gainditu ditu lagun zuen beste zumarragar bati esker. Juan Kruz Jakak (Zumarraga, 1914-2005) idazmakinaz idatzita utzi zuen lagunaren biografiaren zati bat, garaiaren kronikarekin batera.
Biografiaren zertzeladak
36ko gerra hasi eta berehala batu zen Zabaleta EAJk antolatutako Euzko Gudarostera. Jakak lagunaren deskribapena egiterakoan adimentsua eta abegikorra zela dio; gainera, jendetasunaren bertutea zuela. Gerrak eztanda egin zuenean Zabaleta Donostian zegoen, Euskal Ikasketen ikastaro bateko gonbidatu gisa. «Gerra hasi eta egun batzuen buruan joan ginen gu ere, gure ideialak defendatu asmoz», kontatu zuen Jakak idazmakina bidelagun.
Azkar, Zabaleta euskal milizietako buruzagitzarako bilatu zuten. Jakaren aburuz, «bere merituengatik, bere gaitasunengatik eta, finean, merezi zuelako». Zabaleta Candido Saseta goi komandantearen laguntzaile izendatu zuten, eta «aurrerantzean Saseta non, Zabaleta han izan zen».
Gerra hasita, Zabaleta eta Jaka Asturiasen topatu ziren, 1937ko otsailean, biak gudariak. Francoren tropek Oviedo inguruetan osatutako hesia apurtu asmoz euskal milizien sei batailoi joan ziren Asturiasera.
Nalon errekaren inguruetan bataila «itzela» izan zen Jakaren arabera. Helburuak bete zituzten arren, soldadu askok eta askok herioa aurkitu zuten. Helburuak ere, irabazi bezain pronto galdu zituzten euskaldunek. Saseta komandantea bataila hartan erori zen eta zerraldoa etsaien aldean geratu zen.
Jakak Zabaletarekin topo egin zuen batailaren ondoren, eta idatzita utzi zuen «aurrean izango balu bezala» gogoratzen zuela lagunak esandakoa: «Gaur iluntzean, etsaien eremura pasako naiz eta Sasetaren zerraldoa ekarriko dut». Hurrengo egunean Zabaleta triste eta saminduta aurkitu zuela idatzi zuen Jakak, «gureen zerraldo bat ere ez dut aurkitu». Batailan hildako guztiak zulo bakarrean hilobiratu zituzten militar espainolek.
Bi hilabeteren bueltan elkartu ziren berriz lagunak, oraingoan Euskal Herrian. Azken aldiz ikusi zuten elkar. Ordurako, Zabaleta Aralar batailoiaren komandantea zen. Odolez orbanduta zeukan jantzia, eta Jakak zaurituta ote zegoen galdetu zionean «ezetz» erantzun zion, «zauritutako nire gudari batena da; lepoan ekarri dut atzera egiterakoan».
Denbora gutxian bi lagunen artean hesiak altxatu ziren. Zabaleta preso hartu zuten. Jakak, Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio eremuan zegoela, laguna Derion fusilatu zutela jakin zuen. Zabaletak agindu bat utzi zuen idatzita, Zumarragako parrokoari emateko, bere herriari barkamena eskatu eta bera barkatzen zihoala esanda utzi zuen.
Sanferminak
Badago beste pasarte bat sarraskitik, minetatik eta amorrutik libre geratu dena. Urteek ez dute Jakaren akordua ahitu, eta laguna fusilatu zutela kontatzeaz batera, lerro batzuk lehenago eta geroago ere, Jakak Iruñeako San Fermin haiei, 36ko uztailekoei, tokia gorde zien bere idatzietan. Zabaletak eta Jakak elkarrekin bizi izandakoa.
«Amatxori» ezer ere esan gabe kamioi batean joan ziren Iruñeara San Fermin jaietako entzierroa ikustera eta parrandaz gozatzera. Biharamunean autobusez iritsi ziren Zumarragara, lepotik zintzilik Corellako (Nafarroa) baratxuri-txirikorda bana ekarri zuten, bakoitzaren amaren aurrean festa ezkutatze aldera. Umore onez itzuli ziren etxera, izan ere batak ez besteak ez zekien 36ko gerrak egun gutxiren buruan eztanda egingo ziela.















