Gerraren ondorioak jasan zituzten ataundarrak omenduko dituzte, bihar, Aian
Ataunen omenaldia egingo diete, bihar, 1936ko gerran eta ondoren errepresioa jasan zuten herritarrei. Aiako plazan izango da ekitaldia, 12:00etan. Memoria historikoa lantzeko azaroaren 27an hasi zen Iragana gogora ekartzen jardunaldi sorta biharko omenaldiarekin bukatuko da, lau elkartek eta udalak antolatutakoa.…
Ataunen omenaldia egingo diete, bihar, 1936ko gerran eta ondoren errepresioa jasan zuten herritarrei. Aiako plazan izango da ekitaldia, 12:00etan. Memoria historikoa lantzeko azaroaren 27an hasi zen Iragana gogora ekartzen jardunaldi sorta biharko omenaldiarekin bukatuko da, lau elkartek eta udalak antolatutakoa.
Ekitaldi «xumea» izango da. Gerraren ondorioak jasan zituztei eta haien familiartekoei omenaldia egingo diete. Aurreskua dantzatu, Igor Aierbe alkatearen hitzak entzun, eta Nekane Munduate artista ataundarrak egin duen eskultura bistaraziko dute.
Gerran nahiz ondoren kalteak jasan zituzten ataundarrak eta haien ondorengoak Aiako omenaldian izango dira.
Lizarrustin fusilatutakoak Aian lurperatu
Ataun Aiako hilerrian, bestetik, oraindik aztertu gabe dagoen hobi komun bat dagoela diote hainbat lekukok. 1936ko gerra piztu zenean, erreketeek Lizarrusti aldean fusilatutako lagunak lurperatu zituzten han. «Sei bat gorpu ote dauden diote. Lizarrustira ekartzen zituzten; han fusilatu, eta gero Aian lurperatu zituzten», dio antolakuntzako Aitor Aldasoro ataundarrak.
Indusketarik edo zundaketarik egin ez bada ere, Aian ehortzita egon litezkeen bi pertsonaren senitartekoek agertu dute interesa egunotan, udaletxera deituta, eta biharko gonbidatuta daude. Gerran zehar ataundarrak fusilatuak izan ziren, baina ez herrian.
Ataun izan zen, 1936an, gerraren oihartzuna eta eragina jasan behar izan zuen Goierriko lehenbiziko herrietakoa. Nafarroatik sartu ziren erreketeen tropak, eta uztailaren 25ean iritsi ziren Ataunera, Malcampo kapitainaren aginduetara. Beste bi zutabe Zegamatik eta Idiazabaldik barrena sartu ziren Goierrira, bezperan.
Ataunen zuhaitzak bota eta bidean gurutzatuta saiatu ziren faxistei bidea mozten. Beasaindik etorritako errepublikarrek, berriz, Kaxetako zubia lehertu zuten, dinamitarekin.