Lazkaoko Gaztelekua zerbitzua ematen hasi da atzera, abenduan
Lazkaoko udaletxearen sotoan dagoen Gaztelekuak 12 urtetik 17ra bitarteko gaztetxoei aisialdiko zerbitzua ematen jarraitzen du, abenduaren hasieratik. Udalak berrezarri egin du bilgunea eta hango programa, «hainbat gorabehera» izan ondoren. Hala, larunbat eta igande arratsaldeetan zabaltzen dute, 16:00etatik 20:00etara.
Gaztelekuaren funtzioaz …

Gaztelekuaren funtzioaz eta izaeraz gogoeta egin du udalak, gaztetxoen aisialdirako zer-nolakoa izan beharko lukeen erabakitzeko. Etorkizuna finkatuta, «gaztetxoek non elkartua eta non egona» dute Gaztelekuan. 2004an zabaldu zuten, lehenik kultur etxeko hainbat gela hartuta. 2005eko irailaren 14an udaletxeko sotoan egokitu zuten aretoa, helburua «gazteak elkarrekin topatzeko leku bat izatea eta euren kezkak azaldu eta argitzeko gune bat» izatea zela.
Bolada batean itxita egon ondoren, atzera «eskaintza zabala» du Gaztelekuak. Mahai-jolasak, ikus-entzunezkoak, tailerrak eta gaztetxoek eurek proposatutako jarduerak egiteko modua dute.
Ludoteka Gabonetan irekita
Haur gazteagoentzat pentsatutako ludotekak ere aldaketak izan ditu. Aurreko ikasturtean astelehentik ostiralera irekitzen baldin bazen, oraingo kurtsoan ez du zerbitzu hori eskaini. «Arrakasta txikia eta kostu handia» izan dira erabaki hori hartzeko arrazoiak, udalak informazio aldizkarian azaldu duenez, balizko erabiltzaileei galdetu ondoren.
Oporretan, hala ere, zabalduko dute ludoteka. Gabon hauetan, aste honetan eta hurrengoan —urtarrilaren 2tik 4ra— emango du zerbitzua, 10:30etik 13:00etara. Aste Santuko oporretan eta udan jarriko dute martxan hurrena, datorren urteari begira.