Lazkaon lehenbiziko aldiz San Silbestre korrikaldia izango da, Urtezahar egunean
Goierriko beste hainbat herritan bezala, Lazkaon ere urtea bukatzeko korrika proba antolatu dute, San Silbestre egunean (abenduak 31). Lehenbiziko aldiz jokatuko da, haurrentzat lehenengo (12:00etan), eta helduentzat ondoren (13:00etan). Udalak eta Lazkao Xtreme izeneko taldeak antolatu dute, merkatari elkarte, jatetxe …
Goierriko beste hainbat herritan bezala, Lazkaon ere urtea bukatzeko korrika proba antolatu dute, San Silbestre egunean (abenduak 31). Lehenbiziko aldiz jokatuko da, haurrentzat lehenengo (12:00etan), eta helduentzat ondoren (13:00etan). Udalak eta Lazkao Xtreme izeneko taldeak antolatu dute, merkatari elkarte, jatetxe eta enpresa batzuen laguntzarekin.
Txikien lasterketak, 12:00etan hasita, hiru multzotan bereiziko dituzte. 0-6 urte artekoena lehenengo (350 metro luzeko ibilbidea), 7-10 bitartekoak ondoren (700 m) eta 11-13 urte artekoak azkenik (1.000 m). Plaza paretik irten, eta Uhaitz kaletik Aresoko parkera joko dute, oinezko zubitik; handik behera Elosegi kalera irten (erreka albotik), eta plazara. Horixe izango da zirkuitua.
Helduen I. San Silbestre probak 5,4 kilometro izango ditu. Haiek ere zirkuitu bat edukiko dute, 1,3 kilometro luzekoa. Lau itzuli egin beharko dituzte: plaza-frontoi atzetik kiroldegi aurrera-Mikelar-Jose Lasako errotonda-Mikelar kaletik Santander banketxeko bidegurutzera-Uhaitz-San Inazioko zubia-erreka ertzeko pasealekua-Elosegi-plaza.
Antolatzaileek iragarri dute proba familia guztiarentzat egokia dela, urtea kirola eginez agurtzeko aitzakia. Bukaeran sariak emango dituzte, eta partaideen artean zozketak egingo dituzte.
Izena 11:00etatik aurrera eman behar da, plazan. Doan da.