Lazkano zubigileari aitortza
Samurtasunez antolatutakoa izan zen Imanol Lazkano azpeitiar zubigileari gorazarre egiteko antolatutako bertso jaialdia. Samurra, lagun artekoa, aspaldi ikusi gabeko kantu kideak elkartzekoa, hunkitzekoa… Zubigintzan artista goiburupean Goierriko Bertso Eskolak abenduaren 29an Ordiziako Majori kiroldegian Lazkanori egin zion aitortzak zituen helburuak bete zituen: Lazkanok urte askoan egindako transmisio lanari merezi adinako errekonozimendua egitea, eta ingurututako 600dik gora bertsozaleak gustura uztea.
Saioaren une batean baino gehiagotan omenaldi hitza atera bazen ere, Lazkanori aitortza egitea zen bilkura horren helburua, bai plazetan zein bertsozale elkartean Gazteluk –hala ezagutzen dute Azpeitia aldean– egindako zubi lanari begiratua ematea. Opariak jaso zituen, hitz goxo eta bertso hunkigarriak ere bai. Horiek guztiak pasatutakoan lasai arnasa hartzeko moduan izan zen. Hiru bertso ere bota zituen agurrean –azkenekoan hunkitu egin zen–, baina lehenaren azken puntuan laburbildu zuen haren izatea eta umore ukitua: «Dutxatu berri batek ez zeukan, hainbeste xaboi beharrik». Bertaratuen irri txikia eragin zuen ateraldi hark.
Afarian, lagunarte giroan
Pare bat ordu iraun zuen Inaxio Usarraldek eta Irati Arrietak zuzendutako saioak. Lehen ordubetean, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Xabier Amuriza eta Amets Arzallus aritu ziren gai-jartzaileen aginduetara –ohiko saio baten egiturarekin–, eta bigarrenean bestelako kutsua hartu zuen jaialdiak.
Joxerra Gartziak «jardun luzeko eta luze jarduteko» bertsolaritzat jo zuen Lazkano, Iñaki Muruak ere hitz goxoak izan zituen harentzat, baita Mikel Mendizabalek ere, Amaia Agirrek irakurri zuen idatzi baten bitartez. Txomin Garmendia, Patxi Iraola, Patxi Etxeberria eta Jon Lopategi igo ziren gero oholtzara, eta bertso banarekin agurtu zuten. Igor Egurenek aginte-makila eta bertso bat ere oparitu zizkion.
Majoriko trantzea igarota, berrehun lagun inguruk Villa Eugenian afaldu zuten ondoren. Han ere xaboi gehiagorekin igurtzi zuten, baina lagun artean, goxoago. Roman Elosegi Zaharrak itxi zuen gaua, bertso jarriak abestuz.