Goierri Biziak 7.128 kilo jaki eta produktu bildu ditu Caritasentzat
EAJ alderdiak bultzatzen duen Goierri Bizia ekimenak, Caritas erakundearen aldeko janari bilketa egin du Eguberrietan, eta denera, 7.128 kilo jaki bildu dituzte. Kanpaina honetan parte hartu duten boluntarioen eta laguntza eman duten herritarren lana eskertu nahi izan dute.
Abenduaren 21ean Beasainen izan ziren, 22an Ordizian eta 27an Lazkaon. Behar gehien dutenentzako jakiak, umeentzako pardelak eta higiene produktuak bildu zituzten. Goierri Bizia ekimeneko kideek azaldu dutenez, bilketaren balantzea «oso ona» da, kopuru hori biltzea «oso ordu gutxitan» lortu baita. Kanpaina horrek, «goierritarron izaera solidarioa» agerian utzi duela uste dute, eta «eskuzabaltasun horri esker, inguruan behar gehien duten herritarren egoera hobetu» egingo dela.
Parte-hartzaileei esker ona
Goierri Bizia ekimenak esker ona agertu nahi izan die kanpaina honetan parte hartu duten guztiei, bai norbanako moduan ekarpenen bat egin dutenei, bai boluntario moduan parte hartu dutenei, eta baita laguntza eman duten komertzioei ere. Bereziki Ordiziako Maxi Eroskiren ekarpena azpimarratu dute, 1.000 euroko balioa duen lote bat eman baitio Caritas erakundeari.
Kanpaina honek, datozen asteetan izango du jarraipena. Izan ere, janari eta produktu bilketa Zumarragan, Urretxun eta Legazpin ere egingo dute, otsailean. Bestalde, Goierri Bizia ekimenak datozen hilabeteetarako hitzaldi sorta bat antolatu duela jakinarazi du. Herritar guztiei zuzendutako saioak eta «interes handikoak» izango direla aurreratu dute. Aurrerago emango dute hizlarien eta egutegiaren berri.













