
“Parte hartze kultura zabaltzen” jarraitzeko asmoz, Ordiziako Udalak aurrekontuak herritarrekin batera zehazteko prozesu bat hasiko du.
Zertan gastatuko zenituzke 100.000 euro? galdera luzatu dute, herritarrek auzoetarako euren proposamenak egin ditzaten. Urtarrilaren 9an egingo dute lehen bilera, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan. Bigarren bilera bat ere egingo dute, lehenengoan zehaztuko dena.
Lehen bilera horretan 2013ra begirako aurreikuspenak azalduko dituzte udal ordezkariek eta aurrekontu zirriborroaren argazki orokor bat ere eskainiko dute. Ondoren, auzoz auzoko antolamenduko txostena oinarri hartuta eta talde dinamika baten bidez,
auzoetarako proposamenak landuko dituzte talde txikitan. Bukatzeko, batzar orokor batean proposamen guztiak jasoko dituzte.
Proposamen hauek teknikoki baloratuko dituzte eta bigarren bilerarako, balorazio ekonomikoak aztertuta lehentasunak eta auzo bakoitzeko beharrak eztabaidatuko dituzte guztien artean, 100.000 euro horiek zertara bideratu adosten saiatzeko. Urtarrilean lanketa hau eginda, Otsaileko Osoko Bilkuran onartuko dute 2013ko aurrekontua.
Informazio gehiago:
ordiziakoudala.com