Zuzenekoen indarra irudietan
Zuzeneko saioetan, kontzertuetan, energia berezi bat sortzen da musikarien eta publikoaren artean. Giroan nabaritzen den zerbait izaten da askotan, sentsazioak. Sentipen horiek irudietan jasotzea ez da erraza izaten, ordea. Jazpana Fest jaialdiko antolatzaileek, hori lortu nahi izaten dute, kontzertuekin batera antolatzen duten argazki rally-arekin. Orain, urriko bi gau haietan jasotako argazkirik onenak saritu eta ikusgai jarri dituzte.
Aurtengo rally-ko sari nagusia, Koldo Elizmendi azpeitiarrak irabazi du, ilunpean, foko baten argipean ageri den No More Lies taldeko musikariaren irudiarekin. 200 euroko bonua jaso du, Alzuri argazki dendaren eskutik. Haren argazkiak eta beste lau argazkilarirenak ikusteko aukera izango da datozen egunetan. Izan ere, atzo iluntzean zabaldu zuten argazki rally-an parte hartutako lanen erakusketa. Erakusketa hilaren 20ra arte izango da ikusgai, Usurbeko erakusketa aretoan.
Elizmendiren argazkiez gain, Egoitz Irizar, Koldo Torres eta Raul Piñeiro argazkilarienak ere izango dira, baita antolakuntza taldean aritzen den Garbiñe Irizarrenak ere. Lau parte-hartzaile horien «maila ona» azpimarratu du Irizarrek. «Kontzertuetako argazkiak tokiaren eta argiaren arabera baldintzatuta egoten dira, baina nabaritzen dira estilo ezberdinak». Lehiaketa honetan parte hartzen dutenak, «argazki zaleak eta musika zaleak» direla azaldu du, eta lehiaketa honek «bi zaletasun horiek batzeko aukera» ematen duela. Erakusketan bere aletxoa aportatu du Irizarrek, bere argazkiak ere izango baitira.
Asier Lopezen kontzertua
Erakusketa atzo zabaldu bazuten ere, hilaren 20ra arte bisitatzeko aukera izango da. Baina erakusketa honen oinarri musika eta zuzeneko saioak izanda, saio berezi bat prestatu dute antolatzaileek larunbaterako. Asier Lopez musikari goierritarrak joko du erakusketa aretoan bertan. Errotik lan berria aurkeztuko du, zuzeneko saioan.













