Bi aldeak sentsazio «onarekin» atera dira lehen negoziazio mahaitik
Zaborraren gaiari irtenbidea emateko Legazpin sortu berri den negoziazio mahairen lehenengo bilera egin dute berriki. Besteak beste, mahai honetako partaide diren Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataforma eta udal gobernua «sentsazio onekin» daude, behin lehenengo bilkura amaituta. Datozen asteetarako bide orria zehaztu dute eta hirugarren bilerarako alderdi bakoitzak proposamen zehatzak eramatea adostu.
Pasa den ostegunean bildu zen lehenengoz hamaika ordezkariz osatutako mahaia. Udal gobernuko hiru kidek, oposizioko alderdiko hiru kidek (alderdi bakoitzeko batek), herri plataformako bi kidek, Legazpi Zero Zabor taldeko kide batek eta Sasieta Mankomunitateko bi teknikarik osatutako taldea da, hain zuzen.
Bakoitzaren jarrera zehaztu
Koldobike Olabide herri plataformako kideak lehenengo bileratik «sentsazio onekin atera» zirela esan du, nahiz eta beraiei «gauzak azkarrago joan daitezen» gustatu. Lehenengo bilera horretatik ateratako ondoriorik positiboena, datozen asteetarako zehaztu duten bide orria dela azpimarratu du. «Jokoaren arauak adostu ditugu guztion artean», nabarmendu du. Hemendik aurrerako aldaketa nabarmenena herritarrekiko jarreran antzemango da Olabideren hitzetan: «Gardentasunaren aldeko hautua egin dugu guztiok, eta herritarrei beti, mezu positiboa zabalduko diegula hitz eman dugu».
Kepa Urtzelai Legazpiko alkatea ere «gustura» agertu da lehenengo topaketa honek eman duen emaitzagatik. «Guretzako eseritzea eta gaiaz hitz egitea soilik oso positiboa da, orain arte ez baitugu horrelakorik egin», aipatu du. Bi alderdiek hainbat puntutan adostasunak lortzeko gai izan direla azpimarratu du eta aurrera begira, «lan egiteko gogoz» daudela adierazi du, «beti ere helburuak zeintzuk izan behar duten ahaztu gabe». Helburu horiek zehazteko eskatuta, garbia izan da alkatea: «Denok pozik utziko gaituen eta birziklatze tasa altuenak emango dituen sistema bat», esan du.
Urtarrilaren 22rako egin dute ondorengo hitzordua. Aste honetan Sporak egindako bideragarritasun plana jasoko dute alde guztiek, eta bigarren bilera horretan dokumentuaren gaineko kezkak eztabaidatuko dituzte. Gainera «alde bakoitzak bere jarrera zein den azaldu beharko du», dio alkateak. Behin hori landuta, hirugarren bilera «proposamen zehatzak eraman beharko ditugu», amaitu du Olabidek.