Hainbat arazo eragin ditu euriak eskualdeko errepidetan
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hainbat arazo daude une honetan eskualdeko bigarren mailako hainbat errepidetan, euriaren eraginez. Mendiko urak pilatu eta hainbat lurjauzi gertatu dira arratsaldean zehar, eta horien ondorioz trafikoa moteldu egin da Segurako, Zegamako, Beasaingo, Legazpiko eta Gabiriako errepideetan.
Seguran bi lurjauzi izan dira 16:00ak inguruan, Zegaman beste bat 18:00ak aldera, eta Beasainen Ormaiztegirako bidean eragin ditu euriak arazoak 17:30ak inguruan. Gabirian itxi egin dute GI-3381 errepidea eta Legazpin ere arazoak daude euriaren ondorioz; trafikoa motela da Legazpi eta Gabiria arteko GI-3540 errepidean.
Idiazabalen auto istripua gertatu da Gasteizerako norabidean, eta inguru horretan arretaz ibiltzeko eskatu du Segurtasun Sailak.
Errepideetako egoerari buruzko informazio guztia trafikoa.net helbidean.