Igartza arku taldeak Euskadiko txapela eta liga irabazi ditu
Igartza arku taldeko tiralariek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan, bai Euskadiko Arku Tiraketa Txapelketan, banakako hiru domina (bat urrezkoa), taldekako urrezko domina lortuta. Euskadiko areto barruko ligan ere, lehen eta hirugarren postuak lortu dituzte Igartzako kideek.
Igandean, Bermeon jokatu zen Euskadiko areto barruko arku tiraketa txapelketa. Parte hartu duten talde guztien artean, Igartza taldea izan da emaitzarik onenak lortu dituena, arku konposatuko mailan. Izan ere, podiumeko hiru postuak Igartza klubeko arkulariek lortu dituzte. Rafa Gonzalezek jaso du urrezko domina; zilarrezkoa, Emilio Dominguezentzat izan da, eta zilarrezkoa, J.R. Arbizurentzat.
Banakakoan ez ezik, taldekako sailkapenean ere puntan ibili ziren Igartzakoak, taldekako txapelketan ere beraiek irabazi baitzuten urrezko domina, finalean Bilboko Gezi-Bide taldea gaindituta. Beasaindarren taldea Rafa Gonzalezek, J.R. Arbizuk eta Miguel Rialek osatu zuten.
Ligan ere lehen postua
Euskadiko txapelketaz gain, pasa den asteburuan bukatu da Euskadiko areto barruko liga. Han ere emaitza onak lortu dituzte Igartza taldekoek; izan ere, Vicente Riescok lortu du lehen postua; ligako titulua irabazi du, beraz. Rafa Gonzalez, berriz, hirugarren gelditu da.