![IMG_4481](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/01/IMG_4481.jpg)
Atzo arratsalderako bilera deituta zegoen Seguran herritar denentzat, Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurrean zer erabaki hartu erabakitzeko. Dagoeneko bi gutun iritsi dira udaletxera Espainiako Gobernuaren Donostiako ordezkaritzatik “udaletxearen fatxadan ikur guztiak ez daudela eta jartzeko” agindua emanaz. Udaleko ordezkariek gutuna abokatu talde batengana bidali zuten honen aurrean zer egin zitekeen jakiteko eta hauek azaldu zieten lehen eta bigarren abisua pasatzen utz zitezkeela, baina hirugarren abisuarekin Espainiako bandera jarri ezean zigorrak egon zitezkeela. Zigor horien artean legoke alkatea bere kargutik kentzea, eta hau kendutakoan oraindik Espainiako bandera udaletxean jarri gabe balego, zerrendako hurrengo udal ordezkariak baliogabetuko lituzketela. Espainiako banderak gainerako ikurren tamaina berekoa izan beharra du eta ez nolanahi gainera.
Ordu bete inguru iraun zuen bileran erabaki zen udaletxeko fatxadan jarriko ziren ikurrek Espainiako Gobernuak eskatzen zituen neurri minimoak izango zituztela, eta Espainiakoaren ondoan beste hiru jarriko direla “Espainiakoa ahalik eta disimulatuen gelditu dadin”. Espainiakoa, Nafarroakoa, Segurakoa eta ikurrina jarriko dira. Aretxabaletan bezala, herritarren jatorrizko herrialde guztien banderak jartzea ere aztertu zen bileran, baina 35-40 herrialde ziren guztira eta ez zen egoki ikusi. Espainiako bandera eta ikurrina biak bakarrik jartzea ere aztertu zen. Baina, azkenean, aipatutako lauak jartzea erabaki zen, eta banderen azpian azalpen bat jarriko da, bertaratuen esanetan “gurea ikurrina dela esateko eta bandera espainiarra jartzera Espainiako Gobernuak derrigortu gaituela argitzeko”.
“Inposaketa honekin irabazten irten beharra” ikusi zuten bertaratuek, eta inposaketa honen aurrean zerbait egiteko beharra ikusi zen. Horregatik, Ikurrinaren Aldeko Taldea sortzea erabaki zen. Talde honek, besteak beste, hirugarren gutuna iritsi eta lau banderak jartzen direnean elkarretaratze edo festa bat egingo du eta herriko balkoi guztietan ikurrinak jartzeko deia egingo du. Otsailaren 5ean elkartuko da talde hau 19:00etan kultur etxe berrian, zer egin zehazteko. Herritar guztiei dei egin diete Ikurrinaren Aldeko Taldean parte hartzera.