Felix Urkola lazkaotarrak legebiltzarkide kargua hartu du, Ane Urkiola legazpiarraren ordez
Felix Urkola Iriarte lazkaotarra Eusko Legebiltzarkide da, herenegundik. EAJ alderdiak Gasteizko ganberan izan duen baja bat ordezkatuko du Lazkaoko alkate izandakoak: Ane Urkiola legazpiarrak legebiltzarkide agiria entregatu du, Eusko Jaurlaritzan hasi delako. Haren zizeilua beste goierritar batek hartu duenez, denera eskualdeko sei politikari edukitzen segiko du gorteak, EAJtik eta EH Bildutik hiruna: Garbiñe Mendizabal, Luke Uribe-Etxeberria eta Felix Urkola alderdi jeltzaletik; Belen Arrondo, Juanjo Agirrezabala eta Marian Beitialarrangoitia koaliziotik.
Urkola Lazkaoko alkate izan zen bi agintealditan, 1999tik 2007ra. Beste lau urte Gipuzkoako Foru Aldundiko bide azpiegituren departamenduan lan egin du, Kudeaketako eta Plangintzako zuzendari nagusi.
2012ko hauteskundeetan EAJren Gipuzkoako zerrendan 10. joan zen Urkola. Bederatzi ordezkari lortu zituen alderdiak.
Karguari zin egitea Legebiltzareko Mahaiaren aurrean egin zuen, astelehenean. Lehen osoko bilkura hilaren 24an izango dute.