Hil honetarako antolatutako programa aurkeztu du Oripavik
Legazpiko Oripavi Bizitzarako Orientazioa elkarteak urtarrilean garatuko duen lan-programaren berri eman du. Komunitatearentzako lana egitea dute helburu, batez ere gurasoei eta hezitzaileei begira. Hala, familiarekin eta heziketarekin zerikusia duten zenbait jardunaldi antolatu dituzte datozen asteei begira.
Formazio eta berrikuntza programa berriak dira urtarrilerako Oripavitik aurkeztu dituztenak. Familia-paradigma berri bat eraikitzen izenburupean egingo dute 2013 urterako antolatu duten lanketaren aurkezpena. Gipuzkoako herri ezberdinetan egingo dituzte aurkezpen saioak datorren astean hasita. Tartean, urtarrilaren 24an Urretxun izango dira 18:30ean eta hilaren 30ean Legazpin, 19:00etan. Kultur etxean egin dute hitzordua bi kasuetan.
Hezitzaile eta irakasleei zuzendutako eta familiekin landutako laguntza programetan parte hartu dutenei diplomak banatuko dizkiete hilaren 31n. Legazpiko adinekoen egoitzan, 18:30etik aurrera. Amaitzeko, familia-konstelazioak landuko dituzte Beverly Rupa adituaren eskutik otsailaren 2an. Brinkolan egin dute hitzordua, 15:00etatik 21:00etara.