Igartzako erromesen aterpetxeak 468 bisita jaso ditu urte eta erdian
Duela urte eta erdi hasi zuen bere ibilbidea Igartzako erromesen aterpetxeak. Gipuzkoako barrualdeko bidean Donejakue Bidearen Lagunek dituzten lau aterpetxeetako bat da. Urte eta erdian, 468 erromes pasa dira bertatik; horietatik 295, 2012. urtean. Aterpetxearen arduradunak gustura daude kopuru horiekin, eta erromesei aterpea ematen jarraitzeko eta barrualdeko bidea ezagutzera emateko lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Antonio Jarit da Beasaingo aterpetxeaz arduratzen den boluntarioetako bat. Bere hitzetan, «zenbat eta jende gehiago etorri, gu gustorago egoten gara, azkenean jendea hartzeko gaude eta. Aterpe bat jarri eta erromesik ez egotea tristea litzateke». Horregatik, pasa den urteko kopuruak ikusita gustura agertu dira.
Aterpea 2011ko ekainean zabaldu zuten, eta aurreneko sei hilekoan, 173 lagun etorri ziren. Iaz berriz, 296 izan ziren, urte osoa kontuan izanda. Hilabeterik jendetsuenak uztaila eta abuztua izan ziren. Hala ere, «neguan ere izan dugu jendea. Urte hasieran, neska baztandar bat etorri zitzaigun». Bisitarien jatorriari dagokionean, berriz, gehienak Herrialde Katalanetatik (92) eta Espainiatik (64) etorritakoak izan dira; Euskal Herrikoak, berriz, 56 ziren. Frantzia, Alemania eta Danimarkako jendea ere izan da, baina baita Hego Ameriketakoa edota eskandinabiar herrialdeetakoa ere.
Aste santutik urrira bitartean
Santiago bidea egiten duten erromesak urte osoan izaten badira ere, garairik oparoena uda partea izaten da. Igartzako aterpetxean ere, garai horretan izaten dute lanik gehien. Jaritek azaldu duenez, «datorren astean dugu boluntarioen txandak antolatzeko bilera». Aste santuan hasi eta urrira bitarte, 20 bat boluntario –erdiak beasaindarrak– ariko dira txandaka, ospitalari moduan, erromesei harrera eginez. Garai horretatik kanpo joan nahi dutenek, aurrez deitu behar izaten dute, eta boluntario bat joaten zaie atea zabaltzera. Uda partean, ordea, egun osoan egoten dira boluntarioak aterpetxean.
Barruko bidea ezagurarazten
Euskal Herrian Santiagora joateko hiru bide nagusi daude; barrualdeko bidean dago Igartza, garai bateko errege bidea zen ibilbidean. Gipuzkoa barrualdea eta San Adriango pasabidea ezagutzeko aukera ematen du, eta hain zuzen ere, puntu hau da bideko zatirik gogorrena. Azken hamarkadetan, bide hau ahaztu antzean egon da, eta Frantziako bideak (Nafarroatik pasatzen denak) eta kostako bideak hartu izan dute sonarik handiena.
Bide horiek izan duten masifikazioa dela eta, ordea, «jende askok bide alternatiboak» bilatu nahi izaten fituela azaldu du Jaritek. «Askok beste bideen masifikazioari ihes egin nahi izaten diote, eta nahiago izaten dute barruko bidetik edo beste urte garai batean lasaiago ibili». Jariten arabera, jende gehienak beste bi bideak aukeratzen baditu ere, «badira Frantziako bidea hasi eta Garesera iritsitakoan, han egoten den jende piloa ikusi eta barrualdeko bidera pasatzea erabakitzen dutenak ere».
Barrualdeko bidea, Irundik hasi eta Andoainen eta Tolosan barrena iristen da Goierrira. Zegamatik San Adriango tunelera igo eta handik Araba aldera jarraitzen du bideak. Azken urteetan, bide hori berreskuratzen saiatu izan da Gipuzkoako Donejakue Bidearen Lagunak elkartea. Aterpetxeak kudeatzeaz gain, bideak garbitzeaz eta ibilbidea ezagutarazteaz ere arduratzen dira.