Aitor Esnaolaren auzia epaiaren zain gelditu da
Epaiaren zain geratu da Aitor Esnaolaren aurkako akusazioaren auzia, gaur eguerdian. Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, 10:00etatik 13:30era epaitu dute legorretarra, baita operazio berean bi egun geroago atxilotu zuten Lander Etxeberria billabonarra ere —baldintzapean kalean dago—. ETAko kide izatea, eta armak legez kanpo nahiz lehergailuak edukitzearen delituak leporatzen dizkiete.
Fiskaltzak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du, eta akusazio partikular gisa aurkeztu zen AVT elkarteak 23 urtekoa. Epaia hilabete baten edo biren buruan irten liteke.
Ahozko deklarazioan, atxiloketa nola izan zen esplikatu du Aitor Esnaolak. Ondoren, Guardia Zibilaren esku egon zen denboran torturak jasan zituela gaineratu zuen.
Auzi saioa bukatutakoan, bi familiartekori utzi diete Esnaolarekin egoten, beirate baten beste aldetik. «Ondo, lasai» ikusi dute. Soinetik «pisu handi bat kendu» izanaren sentsazioa duela esan die. «Abokatuak ere gustura geratu dira egindako alegazioekin», gaineratu dute familiartekoek.
Legorretatik 80 bat lagun joan dira epaiketa jarraitzera, autobus batean eta autoetan.