Beasaingo zubi azpian bizi diren errumaniarrak, aste honetako GoiBerrin
Aste honetan, Beasaingo zubi azpian bizi diren errumaniarrei begiratu die GoiBerrik. Florin Rupa 22 urteko errumaniarraren bizipenak eskainiko ditu aste honetako erreportaia nagusiak. Rupa bere familiarekin bizi da zubi azpian, txabola batean. Errumaniako Cluj hiritik etorri zen, eta beste hamalau pertsonarekin bizi da Beasainen. Txatarra biltzen du dirua irabazteko. Kiloko zortzi zentimo jasotzen ditu.
Elkarrizketari dagokionez, Karmele Luqui abaniko egile eta artisau urretxuarrari egin diote. Ia kasualitatez sortu zaio abanikoak egiteko proiektua, baina egun, AEBtan ere saldu ohi ditu, batez ere Kalifornian, Texasen eta New Yorken.
Beste atalei dagokienez, Zuhaitz Akizu ezkio-Itsatsoarra da aste hnoetan kate motzean lotu dutena; iritzia Xabier Mendigurenek, Unai Kerejetak eta Igor Susaetak emango dute; Ana Samaniego ordiziar atletak hartuko du gazteak atala, eta munduan barreiatutako goierritarren artean, Igor Urzelai beasaindar dantzariari egokitu zaio aste honetan galderei erantzutea.