Beasaingo udaletxea, artxiboko irudian.
Bilduk eta Aralarrek osatzen duten udal gobernuak gaur aurkeztuko du 2013rako aurrekontu proposamena, osoko bilkuran. Atzo arratsaldean jakinarazi zutenez, «akordioan oinarritutako aurrekontua» izango da; izan ere, alderdi guztiekin bildu eta gero, azkenean PSE-EErekin lortu dute akordioa. Egoera ekonomikoak eragina izan du kontuak osatzerako garaian, eta udalak 13,8 milioi euroko diru poltsa izango du.
Udal gobernuak azaldu duenez, «aurrekontu egokia lortzeko lan handia» egin dute, horretarako, elkarlanaren bidea bilatuz. Zentzu horretan, PSE-EErekin lortutako akordioarekin «helburu hori bete» egin dutela diote. PSE-EEren planteamenduak udal gobernuarekin bat egin duela eta zuzenketak adosterako garaian, bi aldeak «lanean gogotsu» aritu direla azaldu dute.
Akordio horrek, bestalde, udal gobernuaren «elkarlanean aritzeko eta akordioak lortzeko gaitasuna» agerian uzten duela uste dute, eta akordioa, «beasaindarrentzat ona» izango dela, «ezkerreko aurrekontuak aurrera ateratzea» lortu dutelako. «Momentu zail hauetan», elkarlanaren beharra ere azpimarratu dute.
Dirurik gehien gizarte gaietara
Azken urteetan bezala, aurten ere udalaren diru sarrerek behera egin dute, eta aurtengo aurrekontua duela zazpi urtekoaren parekoa izango dela azaldu dute udal arduradunek. Kontuek emateko, hainbat murrizketa egin behar izan dituzte, baina horiek, batez ere inbertsioen kapituluan egin dituztela diote. Gizarte arloa zaindu dute batez ere, diru partida igo den atal bakarra baita.
Hirigintza arlorako, milioi bat euro gorde dituzte. Murrizketen eraginez, ez da obra handietarako urtea izango, baina hala ere, hainbat proiektu ditu udalak. Hala, egitasmo nagusia bidegorriaren ardatz nagusia egitea izango da; 300 mila euro bideratuko dituzte horretarako. Beste 250 mila, Barandiaran parkea berritzeko erabiliko dituzte, eta beste 190 mila, Esteban Lasa kalean egin beharreko hobekuntzetarako. Lurzoru erosketa, Olarango pabilioiaren mantendua Florencio Axpe plaza egokitzea dira beste proiektuetako batzuk.
Gainontzean, udalaren zerbitzuek eta mantenu lanek hartuko dute aurrekontuaren zati handi bat, 3, 4 milioi euro, guztira. Kopuru hori, herri lanetara, bide publikoaren eta espaloien mantenura edota argiteria publikora bideratuko dute, besteak beste.