Iñaki Saldaña: «Bigarren lerroan segiko dut, gizarte mugimenduetan»
Udal mailako politikagintzaren lehen lerroan hamar urte egin eta gero, zinegotzi kargua uztea erabaki du Iñaki Saldañak, lan arazoek eta egoera ekonomikoak hala behartuta. Hemendik aurrera, «bigarren lerroan» baina gizarte mugimenduetan murgilduta jarraitzeko asmoa du.
Hamar urteko ibilbidea egin duzu politikagintzan. Herri eta alderdi ezberdinak ordezkatu dituzu, gainera.
Hala da bai. Beasain eta Lazkaon zinegotzi izan nintzen, hasieran Ezker Batutik eta gero, banaketa egon ondoren, Alternatibaren izenean. Eta azken etapa honetan Beasainen jardun dut, Bildu koalizioan.
Aldaketa ugari dira, baina ibilbide bat erakusten dute, ez al da ala?
Uste dut ibilbide kontsekuentea dela. Oso gaztetatik ibili izan naiz ezkerreko mugimenduetan. Gero Izquierda Unidan sartu nintzen, eta handik sortu genuen Ezker Batua. Guk alderdiaren barruan Batzen kolektiboa osatzen genuen, eta ezkerreko ikuspegiaz gain, subiranotasunean gehiago sakondu nahi genuen. Hori eta alderdiaren zuzendaritzarekin izandako eztabaida batzuk zirela medio, Alternatiba sortu genuen.
Eta gero etorri zen Bildu koalizioa. Aurretik ba al zegoen harreman hori herri mailan?
Ez bereziki, baina egia da ezker abertzalearekin bat egiten genuela puntu askotan; ez horrenbeste EArekin, urtetan EAJrekin koalizioan joan delako. Baina egungoa beste EA bat da, eta elkarlan hori bilatzen ari gara. Bilduren abentura honetan ezkerreko alderdi subiranistek bat egitea zen helburua, eta hor egon behar genuen.
Gizarte eta ongizate arloko zinegotzi izan zara. Zer lan egin duzue?
Guk batuta politikoa eramaten dugu, baina esan behar da gizarte arloko teknikariek sekulako lana egiten dutela, bai adinekoekin, etorkinekin edota baztertze arriskuan dauden kolektiboekin.
Kargua ilusioz hartu zenuen. Nolatan hartu duzu uzteko erabakia?
Arrazoi nagusia norberak bere etxean dituen arazo ekonomikoak izan dira. Ni pintorea naiz lanbidez, autonomoa, eta apenas dugun lanik. Baina askotan agerian lan eginda, jendeak uste du denbora asko galduko duzula eta asko mugatzen zaitu. Egoera onean banego ez nuke utziko.
Beraz ez duzu baztertzen etorkizunean bueltatzeko aukera?
Ez ez. Egoera dela eta bigarren plano batera bidaltzen nauela. Gizarte zerbitzuen arloak dedikazio eta lan handia eskatzen du, eta nahiago dut lan hori egin dezakeen beste norbaiten esku utzi.
Beraz, politika bigarren plano batetik jarraituko duzu orain?
Bai, orain M15 eta Kaleratzeak Stop Desahucios bezalako mugimenduetatik gertuago ikusten dut nire burua; uste dut une honetan borroka bide horietatik doala, egitura horizontal eta asanblearioetatik, eta ez hainbeste egitura bertikaletan oinarritzen diren alderdietatik. Bestalde gizarte-ongizate batzordean jarraitzeko asmoa dut, herritar moduan.