Garingo herrigunea, 1952ko argazkian. Argazkia: Indalecio Ojanguren /Gure Gipuzkoa
Garingo San Sebastian jaien berrikuntza nagusia aurten aurreneko aldiz antolatu duten mendi lasterketa izango bada ere, festetako egitarauak bestelako ekitaldiak ere badakartza. Bihar eguerdian, ordubata aldera, ohiko altxafuegoekin eta kanpai bueltekin hasiko dituzte jaiak. Segidan, herri bazkaria izango da auzotarren elkargune den Muñogain elkartean.
Arratsaldean, mus txapelketa izango da helduentzat, eta seietatik aurrera, umeentzako betiko jolasak egingo dituzte, pilotalekuan. Jolasak bukatutakoan, sariak banatu eta txokolate jana egingo dute.
Iluntze partean, Josu eta Aiora trikitilariek alaitutako giroa izango da, eta 20:00etan, auzoko argazki zaharrak erakutsiko dituzte Muñogain elkartean, musikaz lagunduta.
Igandean, mendi lasterketa hasi aurretik, Beasaingo txistularien saioa izango da, 10:30ean hasita. Segidan meza egingo dute, Beasaingo San Martin abesbatzak lagunduta. Eguerdi partean, txistu eta ttun-ttun doinuek eta Josu eta Aiora trikitilariek alaituko dute proba hasi bitarteko denbora. Santi Ormaetxea eskulangileak ere erakustaldia egingo du. Lasterketako sariak banatu ondoren bukatuko da festa.