Lazkaoko Goian-en greba mugagabean jarraitzen dute
Lazkaon kokatuta dagoen Elevadores Goian lantegiko langileen hamabosgarren greba eguna bete zuten, atzo. Urtarrilaren 2tik lana utzita daude, oraingoz amaiera-datarik ez duen protesta ekintza modura. Enpresako zuzendaritzak bi langile «inongo abisurik gabe» kalera bidali dituela ari dira salatzen.
Enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten, atzo, Ordiziako plazan, asteko feria baliatuz. Adierazi dutenez, kaleratutako langileak ekoizpeneko zuzendaria eta erosketen zuzendaria dira. «Haiek, zuzendari kargu desberidnak dituzten beste hiru lankiderekin batera, enpresan zuten egoera larriaren berri eman zieten bazkide kapitalistei, iazko urrian». Langileen arabera, hortik etorri da kanporatzea. Jaso Taldekoa da Goian enpresa.
Jaso taldeko agintariek «babes osoa» eman zioten Goianeko gerentziari, beti ere langileek esandakoaren arabera. «Salaketaren ondorioak bestelakoak izan ziren, Goianeko bost zuzendariek gerentziaren gainean egindako salaketaren harira gertatu da haietako biren kaleratzea», diote.
Lanik gabe uztearen erabakia abenduaren 21ean gauzatu zen. Langileek greba mugagabea hastea erabaki zuten urtarrilaren 2an, asanbladan. Berrogei langile ditu Elevadores Goianek.
«Metodo ez etikoak»
Bestetik, gerentziak «askotan» metodo «ez etikoak» erabili dituela esan dute langileek: «Langile batzuk banaka hartu eta mehatxu eta estortsio bidez informazioa ateratzen ahalegindu ziren».
Kaleratutako bi lankideei «babes osoa» adierazi diete. Jaso Taldeari bilera egiteko eskatu diote, «inongo erantzunik jaso gabe». «Kaleratutakoei akordio ekonomiko bat planteatu eta horrekin konpondu nahi dute gatazka. Gainera, beldurraren estrategia darabilte 40 langileen arteko batasuna hautsi nahian».
Enpresak «oraingoz» lan karga «handia» duela diote langileek, baina «gerentziaren kudeaketa txarra ondorioak izaten hasi da». Zuzendaritzari «benetako arazoak» ez diola axola deitoratu dute, eta «errudun bakar» hura jo dute.