Mendi lasterketa herrikoia egingo dute igandean, Garingo festetan
Azken urteetan asko zabaldu dira mendi lasterketak, duatloiak eta antzeko probak, eta Garin auzoak ere bere lasterketa propioa izango du hemendik aurrera. San Sebastian jaiekin batera antolatu dute, jaiei beste bizitasun bat emateko, eta bide batez, auzoa ezagutarazteko asmoarekin. 9,6 kilometroko ibilbidea du eta izena aurrez edo egunean bertan emateko aukera dago.
Garingo auzotarrak San Sebastian jaiak antolatzeko biltzen hasi zirenean, ohiko ekitaldiez gain beste zerbait egiteko gogoa zegoela ikusi zuten. Antolakuntza lanetan dabilen Iñigo Andreuk azaldu duenez, «urtero idi proba izan da festetako ekitaldi nagusia, baina beste jende mota bat, jende gazteagoa erakartzeko zerbait egin nahi genuen». Bide batez, auzoa ezagutarazteko ere balioko zuen proba bat; «ea horrela baten bati auzoa gustatu eta honera bizitzera etortzen den».
Hala, Arriaranen egiten duten mendi duatloia gogoan, antzeko zerbait prestatu nahian hasi ziren. Apenas hilabeteko epean egin behar izan dute dena. «Hasieran duatloia egitea pentsatu genuen, baina antolaketa aldetik eta lan handiagoa eskatzen zuenez, azkenean mendi lasterketa izango da». Antolaketa lanetarako, arriarandarren laguntza ere izan dute. «Guretzako erreferente bat da, haiek esperientzia dute, eta laguntza eske joan ginen».
Proba antolatzeko, auzotarren laguntza ere ezinbestekoa izan da. «Auzo osoa inplikatu da eta auzotarren arteko harremana sendotzeko balio izan du». Ibilbidea pentsatzen hasi zirenean, konturatu ziren garai baten asko erabiltzen ziren gurdi-bideak eta mendi-bideak erabat utzita daudela, eta asko ixten ari direla. Auzolanean aritu dira azken asteetan, bideak garbitzen eta inguruko adar eta sastrakak mozten. Arriarango auzotarrekin batera, udaletxera joateko asmoa dute, bide horiek garbi mantendu daitezen eskatzera.
3,2 kilometroko zirkuitua
Proba herrikoia izatea nahi dute, eta ibilbideak 9-10 kilometro izango ditu, «San Silbestre proben antzeko luzeera». Herrigunetik abiatuta, 3,2 kilometroko zirkuitua osatu dute, eta hari hiru itzuli eman beharko dizkiote parte-hartzaileek. «Orokorrean nahiko ibilbide suabea» dela uste du Andreuk. Punturik gogorrena, ordea, pista bukatutakoan, basotik gora eta tontorrera bidean dagoen 300 bat metroko igoera da. Bai tontorrean eta bai helmugan, ura edateko aukera izango da. Proba bukatutakoan berriz, salda eta txorixoa ere banatuko dute parte-hartzaileen artean; arropak aldatzeko tokia izango da, frontoian.
Dagoeneko 50 bat lagun daude apuntatuta, baina 100 lagunentzako tokia dute. Herriko jende ugari izango da, baina baita Nafarroatik, Arabatik eta Bizkaitik etorritakoak ere. Bestalde, orain arte neska askok izena eman dutela azaldu du Andreuk, «eta hori poztekoa da». Korrikalari guztiek txipa eramango dute. Txiparekin datozenek 9 euro ordaindu beharko dute, eta antolakuntzak emandakoa erabiltzen dutenek, 10 euro. Proba bukatutakoan txipa itzuli egin beharko da.
Izena emateko bi bide jarri dituzte; larunbatera arte, Kirolprobak webgunean apuntatu ahal izango dute lasterkariek. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 11:30etik 12:20ra bitartean. Proba, berriz, 12:30ean hasiko da.
Antolatzaileen kalkuluen arabera, bizkorrenak 45 minuturen bueltan bukatuko du ibilbidea, eta azkenak ordu eta erdiren bueltan ibili daitezke. Behin proba bukatutakoan, irabazleen artean sariak banatuko dituzte. Auzotarrek egurrean egindako trofeoak izango dira, gainera. Bestalde, parte hartu duten guztien artean hainbat sari eta produktu zozkatuko dituzte.