Ibarrako Montesen postuan baba eta ilar landareak.
Lierni Elortza • Azokako berriemalea •
Egunean bertan salduak izango diren barazkiak prestatzeko, bezperan lana egin behar izaten dute feriako saltzaileek. Euriak ez du eragotzi hauen etorrera, eta produktuak puntu-puntuan aurkeztu zituzten atzo ere. Merezi ote duen pentsatu izan omen zuen batek baino gehiagok, baina «asteko etsia hartzeko, gustura etortzen gara» bezalakoak ere entzun genituen atzo. Izan ere, askotan esan ohi dugun moduan salerosketa hutsa baino askoz gehiago eta aberatsagoa baita feria.
Produktuetan erreparatuz, baratzuri freskoa ugaritzen ari da, usain atsegina zeriela salmahai baten baino gehiagotan ikusi genuen euroan sorta. Zein baino zein ederragoak azak, azalorak, brokoliak, romaneskuak, porruak, zerbak, ziazerbak… garaikoak alegia. Fruituetan mizpira gutxi batzuk ikusi ditugu oraindik, kiwiak eta sagarrak osatzen dute hemengoen aukera, urte guztiak izaten diren intxaurrekin eta hurrekin batera.
Ilar eta baba landareak salgai
Landare kontuetan, berriz, beti aurrera begira eta erne ibili beharra dago, landatze garaia errespetatzea ezinbestekoa baita. Gehienek ilarra eta baba ereiteko ohitura baldin badute ere, bada landarea –bere lur takoan– erostera animatzen denik, gero norberak landatzeko; eta berezo mota horrentzat propio, Ibarrako Montesen postuan aurki daitezke baba eta ilar landare kozkorrak, euroan bakoitza.
Feria tristearen pozgarri
Eguraldiak ez duenez asko lagundu, ez zen atzokoa feria onenetakoa izan. Hala ere, umoreari eusten dionik ez da falta. Mapi Gartziak, ondoko saltzaileak lagun, esku lan polita egiteko burutazioa izan zuen. Aldameneko argazkian ikus daitekeen moduan, arbi beltzari begiak jarri eta basurde buru bilakatu zuten. Burutazio hark irrifar ugari sortu zuen bezeroen eta postu paretik pasatzen zirenen artean.