Zaletuen fideltasuna sarituko du Biok Zerbitzuak-OKE taldeak larunbatean
Biok Zerbitzuak-OKE taldeko mutilek derbia jokatuko dute larunbatean. Lizuan.com ISB talde azpeitiarraren kontra jokatuko du. Talde hau, zilarrezko mailako Iraurgi taldearen harrobia da. Sailkapenean hirugarren postuan daude, eta ordiziarrek partida zaila izango dela aurreikusi dute.
Gainera, Biok Zerbitzuak taldetik azaldu dutenez, “gaixotasunak eta ikasketak direla eta, entrenatzaileak ez ditu jokalari guztiak bere esanetara edukiko”. Horregatik, eta “zaleen babesa beti garrantzitsua” delako, herritarrei euren taldea babestera joateko deia egin diete, “oraingo honetan are eta garrantzitsuagoa” delako. Fideltasun hori saritu asmoz, atsedenaldian, Mahala markako produktuz osaturiko saski bat zozketatuko dute partida ikustera doazenen artean. Kiroldegiko sarreran saskibaloi taldeko arropa salduko dute, 25 euroan.