
Beasaingo Udalak 2013ko udal aurrekontuak onartu behar zituen egunaren bezperan jakin zen berria; Bilduk eta PSE-EEk akordioa lortu zuten. Asko ezustean harrapatu zituen horrek, baina adostasunaren atzean, «bilera asko eta akordiotarako jarrera irekia» dagoela azaldu dute bi aldeek. Batez ere, gai sozialetan duten sintoniak eta alderdi sozialistaren zenbait proposamen onartu izanak erreztu dute akordio hori. Horri esker, Beasaingo Udalak 15,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2013rako.
Udal gobernu taldea osatzen duten Bilduk eta Aralarrek, «aurrekontua aurrera ateratzeko akordioa lortu izanaren garrantzia» azpimarratu dute, PSErekin lortutako akordioa dela medio, «Beasainek aurrekontu onak eta aurrerakoiak» izango dituela uste baitute. Zentzu horretan, «egoera ekonomikoa oso zaila izan arren, eta diru sarrerak murriztu diren arren» urtea hasi bezain laister aurrekontua onartu izana «oso positiboa» dela uste dute. Sarreren beherakada horren adibide da, aurrekontu hau duela zazpi urtekoaren parekoa dela. «Kontuek emateko, beraz, hainbat murrikzeta egin behar izan ditugu, baina hauek, batez ere, inbertsioen atalean egin ditugu». Arlo sozialean egin beharreko gastua, ordea, mantendu egin dute; hala, udal langileen eta herriko elkarteentzako laguntzak mantendu egin dituzte.
Bestalde, udal gobernuak «akordioak lortzeko gaitasuna» erakutsi dutela uste dute Bilduk eta Aralarrek. Izan ere, «oso oker ez bagaude, Beasaingo Udala izan da Gipuzkoan 2013ko aurrekontuak akordio bidez onartu dituen udal bakarra». Horrek, akordioetarako gaitasuna ez ezik, «elkarlanean aritzeko konpromisoa» ere erakusten duela uste dute. Zentzu horretan, aurrekontua egiteko garaian «alderdi guztien zuzenketak jasotzeko ahalegina» egin dutela agertu dute.
PSE-EE ere, gustura
Beasaingo alderdi sozialista ere gustura agertu da, eta lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, «bai jasotzen dituen proiektuengatik, eta baita beasaindarren bizi kalitatea hobetuko duelako ere». Izan ere, akordio horrek udal kontuen «estabilitatea bermatzen du, eta hori ezinbestekoa da krisi garaian».
Alfonso Segade PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, bilera asko egin behar izan dituzte akordioa lortzeko, eta «negoziazio luzea» izan bada ere, bi aldeek «borondate ona eta adostasunerako prestutasuna» agertu dutela dio. «Behingoz gai identitarioak alde batera utzi ditugu eta lurrera jaitsi gara, jendeari benetan inporta zaizkion gauzez hitz egiteko». Akordioak, alderdi sozialistaren programan zeuden hainbat proiektu jasotzen dituela dio, hala nola, Barandiaran parkea estaltzea edota Esteban Lasa kaleko baranda konpontzea, besteak beste. Era berean, Energiaren Udal Planak duen garrantzia azpimarratu du Segadek, argindarraren fakturan %42ko aurrezkia ekarriko duelako.
Oposizioak, abstentzioa
Pasa den osteguneko osoko bilkuran agerian gelditu zen Bilduren eta PSE-EEren arteko sintonia ona, baina baita gainontzeko alderdiekiko desadostasunak ere. Aurrekontuekin bat etorri ez arren, ordea, EAJk eta Hamaikabatek abstenitzea erabaki zuten, udalaren kontuentzat oztopo izan nahi ez zutelako.
EAJk bost zuzenketa egin zizkion aurrekontuari, baina bat bera ere ez zuten onartu. Besteak beste, Baketik erakundeak bultzatzen duen elkarbizitza eta berradiskidetze proiektu bat martxan jartzea, enplegurako prestakuntzarako bi ikastaro antola- tzea, edota elkarteen laguntzari KPIren araberako igoera aplikatzea proposatu zuen. Zentzu horretan, Aitor Aldasoro EAJren bozeramailearen ustez, udal aurrekontuan « ez dago ekarpenik etxebizitza, ongizate eta euskara arloan, eta langabezia bezalako gai garrantzitsu baten inguruan ere ez da proposamenik egiten».
Joan den urtean, aurrekontua onartzearen aldeko botoa eman zuen Hamaikabat alderdiko Joxi Intsaustik. Aurten, ordea, abstentziora jotzea erabaki du. Izan ere, bere ustez gobernuak ez ditu gehiengoz hartutako hainbat udal erabaki bete, edo luzarazi egin ditu. Hala ere, «jarrera eraikitzailea» erakutsi nahi izan zuen, eta aurrekontua oztopatu beharrean, abstentziora jotzea erabaki zuen.
Bere aldetik, PPko Julio Herrerosek aurrekontuaren kontra bozkatu zuen, hainbat punturekin bat ez zetorrelako. Bosgarren edukiontziaren txipa jartzerakoan gehiegi luzatzen ari direla eta Errekarteko etxebizitzen proiektua «paralizatuta» dagoela azaldu zuen. Presoen senideei bidaien gastuari aurre egiteko ematen zaien laguntza ere kritikatu zuen.