Biok Zerbitzuak-en garaipena, emozioz betetako partida batean
Biok Zerbitzuak taldeak garaipena lortu zuen larunbatean Majorin jokatutako partida “zirraragarri” batean (57-50). Defentsan egindako lana eta barneko jokoan erakutsitako nagusitasuna izan ziren partida parekatu batean garaipena lortzeko gakoak.
Ordiziarrek oso ondo hasi zuten partida, 9-0 partzialarekin, baina azpeitiarrak esnatu, eta markagailuko aldea 3 puntura murriztea lortu zuten lehenengo laurdenaren bukaerarako. Bigarren laurdenean ildo beretik jarraitu zuten, eta Iraurgi taldeak partidari buelta eman zion atsedenaldi luzerako (25-29). Hirugarrengo laurdenerako, defentsa lana indartuta, ordiziarrak berriro aurretik jarri ziren (40-38).
Azken laurdena emozioz betetakoa izan zen. Hasi eta gutxira, azpeitiarrak aurretik jarri ziren, baina goierritarrek berriro ere irauli zuten markagailua eta azken hiru minuetan partida erabakita utzi zuten.