Udal energia plana eta Dolareako kaltetuen auzia
Pasa den osteguneko bilkuraren gai nagusia udal aurrekontuarena izan bazen ere, beste hainbat gai landu zituen udalbatzak. Horietako bat, udal gobernuak datozen hiru urteetarako proposatu duen Energiaren Udal Plana da. Egitasmo horren helburu nagusia, herriko argiteria berritu eta sistema berriaz ezarriz, sistema osoaren energiaren kontsumoa %42 jaistea da, horrek ekarriko lukeen aurrezkiarekin. Planak 415.000 euroko aurrekontua izango du, hiru urtetan banatuta; aurten, 147.500 euro gastatzea aurreikusten du udalak. Orokorrean planaren helburuekin alderdi guztiak bat etorri baziren ere, hainbat ñabardura egin zituzten. Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten Energiaren Udal Plana. EAJ, H1! eta PP abstenitu egin ziren.
Langileen plantilla eguneratzea eta talde politikoen ordainsariak, aho batez onartu zituzten alderdi guztiek. Udalaren irizpidea, zinegotziei KPIren igoera aplikatzea izan da, gainontzeko udal langileei egin zaien moduan.
Dolareako kaltetuen auzia
Osoko bilkuraren bukaeran, galdera eta erreguen tartean, Dolareako kaltetuek hartu zuten hitza; udalari inplikazioa eta laguntza eskatu zioten, Kutxaren aurrean presio egin zezaten. Dolarea Hotela martxan jartzeko garaian, egun haren jabea den Iban Materen langile batek eta haren senarrak 90.000 euroko kreditu bat eskatu zuten, Kutxak hala gomendatuta, inbertsio hura finantzatzen laguntzeko. Diru hori bueltan jasoko zutelakoan, etxebizitza bat erosi zuten, baina orain, Kutxak, finantziazioa ukatu die, lehendik ere zorpetuta daudelako. Hala, etxerik gabe gelditu dira eta lehen kredituaren zorrari ere aurre egin behar diote, kaltetuen arabera, Iban Matek ez dielako beraiei zor dien kopuru hori ordaintzen.
Bai Koldo Agirre alkatearen eta bai Aitor Aldasororen partetik erantzuna bera izan zen, udalarekin duten esleipena modu legalean dagoela, eta udalari dagokien arloa hori dela. Bestalde, Agirre eta Aldasoro Kutxako ordezkariekin bildu zirela azaldu zuten, gaia lantzeko.












