Ernaitza bideko luizia konpontzen ari dira, Zaldibian
Aurreko asteko eurite mardulen ondorioz, Zaldibian Ernaitza baserrira doan herri-bidearen zati bat behera etorri zen. Errepide azpialdeko lurra lerratu, eta asfaltatutako bidearen erdia eraman zuen. Auto bat ozta-ozta pasatzeko lain leku gelditu zen, baina arrisku handia dagoela eta kontuz ibiltzeko eskatu du udalak. Urtarrilaren 15eko gauean izan zen lur jausia. Udala hasi da lanean, “lehenbailehen” bidea berritzeko. Teknikarien lehen azterketan arabera, lur zoruaren azpian zegoen ur poltsa batengatik izan da luizia. Bezperan, urtarrilaren 14an, Amundarain errekaren emaria segundoko 4,78 metro kubo ur izan zen, normala 1,1-2,3 artekoa denean.