Euri Albizu urtarrilaren 28, 29 eta 30ean epaituko dute Madrilen
Datorren astelehenetik asteazkenera epaituko dute Euri Albizu segurarra Madrilen. Albizurentzat hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du Madrilgo Fiskaltzak, erakunde armatuari laguntzea egotzita. 2010eko otsailaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta inkomunikaturik egon zen bost egunetan tratu txarrak jaso zituela salatu zuen epailearen aurrean: kolpeak, poltsa buruan jartzea, ukimenduak, pistola batean bere aztarnak jarriz hilketa bat leporatzeko mehatxuak, uneoro burua estalita edukitzea… Ondoren kartzelaratu eta Soto del Realgo, Estremerako eta Leongo espetxeetan egon zen 2011ko uztailaren 1ean 10.000 euroko fidantzapean aske gelditu zen arte. Egun astero epaitegira sinatzera joateko betebeharra du eta espainiar estatutik ez irteteko aginduaren menpe dago.
Segurako Ezker Abertzaleak «egoera honi erantzun egin behar ziola eta hori herritarren mobilizazioaren bitartez egitea tokatzen» dela esan du. «Estatuen mugimenduak egiten dugun herri presioaren araberakoak» izango dela ere gaineratu dute. Horregatik, astelehen iluntzeko 19:00etan Segurako plazan egingo den kontzentraziora inguratzeko deia egin dute.