Ingurumen modulua gazteak laneratzeko
Langabezian dauden gazteak lan munduan txertatzeko helburuarekin, Goieki garapen agentziak ingurumen arloko modulu bat jarriko du martxan, Enplegu Berdeak programaren barruan. Modulu horrek 14 langabeturentzat formakuntza eta diruz lagundutako praktikak uztartuko ditu. Lanbidek sustatutako programa bat da, eta Europako Gizarte Funtsak diruz babestuko du.
Moduluaren saioak Ordizian izango dira, eta bukatzen dutenek Merkaturako Ingurumen Ziurtagiria jasoko dute, eta enpresetan ingurumen kudeaketaren arduradun modura lan egiteko aukera izango dute.
Izena eman daiteke oraindik
Ikastaroa hilaren 31n hastea da Goiekiren asmoa, baina aurreratu dute litekeena dela egun batzuk atzeratatzea. Eskolak astelehenetik ostiralera izango dira, 14:30etik 18:30era, eta 350 orduko iraupena izango du. Formakuntza teorikoaren ondoren, gazteek eskualdeko enpresa eta entitateetan 450 eta 600 ordu artean iraungo duten praktikak –hiru eta sei hilabete inguru– egingo dituzte martxotik aurrera, eta hilero 500 euro jasoko dituzte.
Goiekiko teknikariek gogoratu dute oraindik ere izena emateko aukera badagoela, eta horretarako Lanbideren webguneko Lan bila nabil atalera sartu beharra dagoela. Lanbiden izena emanda egotea derrigorrezkoa da.