Iturgaitzagan ehun-bat etxebizitza eraikitzeko lanak hasi dira
Lazkaoko herrigunearen iparraldera dagoen Iturgaitzaga eremuan urtearen bukaeran hasi ziren etxebizitzak eraikitzeko lur mugimenduak egiten. Eraikitzaile enpresa batek dagoeneko egin du etxe-multzo batentzat zuloa. Eremua hiritartzeko eta etxe altxatzeko lehen fasean hiru eragilek parte hartuko dute: bi pribatuk eta Lazkaoko Udalak, Lazkao Lantzen udal enpresaren bidez.
Hirigintza arauetan aurreikusten diren 400 etxebizitzetatik laurdena egingo dituzte orain, 96 inguru.
Agauntza Berri sustatzaileak bloke bateko bi atari eraikiko ditu, «40 bizitza inguru», Azeari Andonegi alkatearen hitzetan. Etxeberrikoa eraikuntza enpresak, berriz, bloke bat eraikiko du beneditarren komentuaren parean, 10-12 etxebizitzakoa. Salmenta librekoak izango dira horiek.
Herriaren sarreran kokatu duten etxearen barne-banaketa erakusketaren arabera, bi edo hiru logelakoak izango dira, 199.000 eurotik 225.000 eurora bitartekoak; baita duplexak ere.
Fraideen pareko eraikin horrek beheko solairua, hiru pisu eta teilatupea edukiko ditu. Atzerago eraikiko dituzten beste bi multzoek solairu bat gehiago, lau.
Lazkao Lantzenek 44 etxebizitzako sustapena hartuko du bere gain, hiru atariko bloke osoa. Ordenazioz kanpo utzitako eraikinetako bizilagunei etxe truke emateko izango dira batzuk.
Duela hamar urte utzi zituen udalak Elosegi, Hiribarren eta Iturgaitzaga kaleetako hamabi etxe hirigintza arauetatik kanpora. Orain, sustapeneko lehen fasean, botako dituzten etxeen ordezkoak kokatuko dituzte. Lazkao Lantzenek 3 milioi euroko finantzazioa beharko du, alkateak aurreratu duenez. Banketxeen eskaintzak aztertzen ari dira.
Lazkao Lantzenek zazpi etxebizitza salduko ditu bloke horretan, itundutako prezioan. Ohar orokorrak, esleitzeko modua, eskakizunak eta etxeen ezaugarriak udaletxea daude.