'Kontatu gurekin!' narrazio lehiaketa egingo dute aurtengo Ahoz aho programazioaren barruan
Ahoz Aho 2013 programazioa otsailaren 22tik martxoaren 2ra ospatuko da Ordizian. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa antolatu dute Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren programazioaren barruan.
Aurkezpenean esan dutenez, otsailaren 22tik martxoaren 2ra bitartean “Kalabaza forma duen konstelazio magikoa” piztuko da. Kolonbia, Mexiko, Uruguai, Kuba, Irlanda, Valentzia eta Errioxatik etorriko dira parte hartzaileak, eta “ipuinak, kondairak, kantuak eta jakituria” partekatuko dituzte.
Aurtengo egitasmoan ekintza berezi bat antolatu dute: Kontatu gurekin! ipuinen ahozko narrazio lehiaketa. “Istorio bat, ipuin bat…” kontatu nahi duen pertsona guztiei irekitako lehiaketa da, otsailaren 23an Barrena jauregian ospatuko dutena. 22:00etan hasiko da saioa eta parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez.
Ikusi lehiaketako oinarriak
Epaimahaiaren erabakiaren eta ikusleen botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dituzte Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko. Hau Herri Antzokian ospatuko dute, martxoaren 1ean, 19:00etan. Gala honetan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako kideekin batera.
Epaimahaiak eta ikusleen botoek erabakiko dute zeinek irabaziko duen. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du, bigarren sailkatuak 200 eurokoa eta hirugarrenak 100 eurokoa.
Izena e-mail bidez eman daiteke: intujai@intujai.com