Ainara Gastezi, amaren bidea segiz, astero ferian
Poliki-poliki bada ere, azken urteetan nabari den mugimendua da, jende gaztea ari dela azokan erreleboa hartzen. Badira saltzaile berriak batetik: Juan Ramon Lizarraga, Mapi Gartzia, Joseba Baez… baina baita gurasoengandin datorkien ohitura jarraitzen dutenak ere. Horietako bat da Ainara Gastesi. Haren ama, Rufina Ramajo, lauroigeko hamarkadan hasi zen Ordiziara etortzen. Bera Cilleros (Caceres, Espainia) herrikoa izanik, hango olibak eta fruitu lehorrak saltzen hasi zen. Poliki-poliki handitzen joan da postua, eta orain, haren alaba den Ainara beasaindarrak fin eusten dio lanbideari. «Txiki-txikitatik amarekin etortzen nintzen; larunbatetan bereziki, eskolarik ez nuenez, Zumarragara joaten nintzen. Beste lanbide batzutan ibili naiz baina egia esan hau oso gustukoa dut eta ia badira hiru urte astero etortzen naizela, eta ia betirako pentsatzen dut». Udaletxe paretik plazan sartu eta izkinan ezkerretara bigarren postua da Ainararena eta ama Rufinarena. Alabak irrifar ederrez aipatzen du «jendeak txikitatik» ezagutzen duela; eta bezeroekin sortzen den harremana asko estimatzen duela. «Gaur bezalako eguraldia eta postua jarri beharra dira lanbide honek dituen alderik zailenak, baina edozein goizetan bizi-bizi ari garenean ni gustura aritzen naiz hemen». Hasierako produktu salmentarekin segitzeaz gain, oliba eta fruitu lehor aukera zabaltzeaz gain, goxokiak ere badituzte. Hasiera hartatik nabarmen luzatu dute postua, eguneroko feriak lanbide bihurtuz. «Aretxabaleta, Beasain, Ordizia, Soraluze, Elorrio eta Zumarragara joaten gara astelehena eta larunbata artean». Legorretako bere aitona Florentino Gastesi ere noiz nahi ikusten da ferian oraindik; Ainara ere haren umore eta bizitasunaren jarraitzaile.
Produktu jakinetan erreparatuz, marrubi landareak salgai zituen Patxi Izagirrek, Montes Ibarrakoak (0,70 euroan), Krabelin txinatarra; Maria Dolores Mendizabal Aramakoak (3 euroan); Aldaba Zaharreko sagarren zukua berriz ere salgai da Xalba Kuadradoren mahaian(3 euroan litroa). Pottoka tabernan berriz, biltzaila eta ostalariaren zuzeneko tratua eginda, 700 gramoan zen udaberriko ziza. Eta zerrendatik mizpera kendu beharrean gaude, eta kanpoko produktuen artean mahatsa eta granada ere bai, atzo alerik ez baitzen.