Iazko lehiaketako irabazleak, sari banaketan
Dagoeneko zabalik da Beasaingo Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko epea. Aurten hirugarren edizioa du lehiaketa horrek, eta ikasleen nahiz gazteen sailean parte hartzeko aukera dago; lanak maiatzaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira.
Beasaingo lehiaketa sortu zenetik, jende gazteari zuzendutako ekimena izan da. Hala, parte-hartzaileak bi kategoriatan banatuko dituzte. Batetik, 13 eta 18 urte arteko Beasaingo ikasleek parte hartu ahal izango dute. Bestetik, 18 eta 29 gazteen maila dago; hor, Euskal Herri osoko gazteek parte hartu ahal izango dute. Maila bakoitzean, epaimahaikoak emandako hiruna sari eta ikusleen saria banatuko dituzte. Lanak, jendaurrean proiektatuko dituzte, sari banaketarekin batera. Pasa den urtean, Aitor Zugadik eta Jokin Lenizek egindako Ene baitan filmak jaso zituen sari nagusia eta ikusleena.
Postaz eta formatu digitalean
Lanak maiatzaren 25erako aurkeztu behar dira Beasaingo udaleko kultura eta euskara sailean. Film laburrak .avi formatoan eta DVD batean aurkeztu behar dira. Lan guztiek euskaraz egindakoak izan behar dute. Iraupenari dagokionean, gutxienez minutu bat eta g
ehienez 15 izan behar dituzte. Antolatzaileek «kalitatezko soinua, kalitatezko irudia eta istorio bat» izatea eskatzen dute, eta ez dute film muturik eo soinu gaberik onartzen. Lanen gaia eta generoa, ordea, libreak dira.
Filmarekin batera, zuzendariaren eta parte-hartzaileen datuak, filmaren izena eta azalpen labur bat bidali behar dira.Informazio gehiago,
filmlaburrenlehiaketabeasain@gmail.com helbidera mezu bat bidalita jaso daiteke.