Euskal Herriko mus txapelketako kanporaketen emaitzak
Pitinka-pitinka, ari dira Goierriko herrietan kanporaketak jokatzen, Euskal Herriko V. Mus Txapelketako herrialdeko finalerako mahaiak betetzeko. Asteburu honetan bost herritan jokatu dituzte herriko saioak: Arriaranen, Araman, Legorretan, Olaberrian eta Ordizian. Emaitzak lehiaketaren webgune ofizialean jarriko dituzte (euskalherrikomusfederazioa.org).
Ostiral gauean, Aramako Toki Alai tabernan, giroa berotzeko afaria egin ondoren jokatu zuten musean, 11 bikotek. Iñigo Oiarbidek eta Joxemari Gorostizuk irabazi dute. Bigarren bikotea ere, Aritz Urretabizkaia eta Unai, Gipuzkoako finalera sailkatu dira, Seguran otsailaren 23an. Parte hartzen duen bikote kopuruaren arabera, bikote bat, bi edo gehiago joan daitezke herrialdekora.
Legorretan lau bikotek parte hartu zuten, ostiralean, Aldapa Haundi elkartean. Herriko txapeldunak soilik joango dira Segurara, Nekane Maiz eta Iñigo Lasa.
Olaberrian ere bikote bakarrak izan du eskubidea, hango kanporaketan bost bikote lehiatu zirelako. Josetxo Sese eta Jose Bernardo Aldasoro izan dira txapeldunak, finala Jabi Amoztegiri eta Mikel Maziziorri irabazi eta gero.
Ordizian lau bikote aritu ziren, Irriki elkartean, larunbatean. Txapeldunak Aitor Usabiaga eta Mikel Sanchez izan ziren, eta txapeldunordeak Iker Zubeldia eta Patxi Tapia.
Arriarango emaitzarik ez da oraingoz iritsi.
Otsailaren 23an Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko da Gipuzkoako finala, 15:00etatik aurrera. Handik, Euskal Herriko final nagusira igaroko dira ordezkariak. Final handia Agurainen (Araba) jokatuko da, martxoaren 9an.
Dagoeneko txartela karta artean dute Goierriko hiru herri gehiagok ere. Zaldibian, Idiazabalen eta Ataunen egin dituzte herriko galbahe lanak. Ataunen aurreko larunbatean zortzi jokatu zuten, 20 bikotek, Pelotazale elkartean. Txapeldunez eta txapeldunordeez gain, hirugarren bikoteak ere lortu zuen Gipuzkoakora igarotzea.
Datorren asteburuari dagokionez, oraingoz Mutiloan bakarrik dago zehaztuta kanporaketa. Larunbatean 16:00etan da herriko saioa, Ostatuan. Txapeldunentzat arkumea eta bi botila cava daude saritzat; bigarren bikotearentzat bi botila ardo ondua, ‘magnum’ neurrikoak.
SAILKATUAK, GAUR-GAURKOZ
Arama
1. Iñigo Oiarbide-Joxemari Gorostizu
2. Aritz Urretabizkaia- Unai
Ataun
1. Josu Munduate-Ibai Arratibel
2. Oier Zurutuza-Iraitz Goikoetxea
3. Aitor Auzmendi-Joxan Albisu
Idiazabal
1. Montse Delgado- Juan Manuel Aldasoro.
2. Lorenzo Otaegi-Inazio Imaz
Legorreta
1. Nekane Imaz – Iñigo Lasa
Olaberria
1. Josetxo Sese-Jose Bernardo Aldasoro
Ordizia
1.Aitor Usabiaga eta Mikel Sanchez
Zaldibia
1. Manex Mendizabal – Xabier Irastortza
2. Josu Irazustabarrena – Axier Murua