‘Liturgia ulertu eta bizi’ liburua euskaratu dute Amundarainek eta Sarriegik
Xabier Basurko mutrikuarrak Elizaren liturgiari buruz idatzitako artikulu bilduma bi goierritarrek itzuli dute euskarara: Dionisio Amundarain apaiz itsasondoar-lazkaotarrak, eta Andoni Sarriegi euskara teknikari beasaindarrak. Liturgia ulertu eta bizi izenburupean, Lazkaoko fraide beneditarren Pax argitaletxeak atera du.
Basurkok lan asko ditu argitaratuta liturgiari buruz, bai haren historiaz, bai esanahiaz eta eliztarrentzako argibide modura. Donostiako Seminarioko irakasle izan zen, erretiratu arte. Lazkaoko beneditarren Jaunaren Deia aldizkarian lan asko egin zituen.
Liburua Lazkaoko komentuan eta Gerriko liburu-dendan dago salgai, 12 euroan; BEZa eta bidalketa gastuak sartu gabe. Donostiako Idatz, Bilboko Jakinbide eta Iruñeko Libreria Pastoral dendetan era badago. Eskariak ere egin litezke (mintzotak@gmail.com; 943 88 01 70, 665 729 914).
Autoreak urte batzuen joan-etorrian idatzi dituen artikuluak ditu liburuak, 55 ataletan. Gehienak Bartzelonako Misal Dominical-en argitaratuak dira, igandeko mezako irakurgaiak komentatzeari eta argitzeari emana. «Liturgian, oro har, kristau-jendea aski ezjakina dela kontuan harturik, aldizkari horrek liturgiako puntu garrantzizkoenez hainbat gai jorratzen ditu. Basurko gizarteko pasadizo biziez baliatzen da gaia era erakargarrian garatzeko eta ulertzen laguntzeko», dio Amundarainek.