Orkatzaren eta basurdearen ehiza otsailaren 24ra arte baimendu du aldundiak
Berez igandean zen bukatzekoa Gipuzkoan ehiza larriaren 2012-13ko kanpaina, baina foru aldundiak beste hilabete luzatzea erabaki du, otsailaren 24ra arte. Basurdea (Sus scrofa) eta orkatza (Capreolus capreolus) dira ehiza larriaren barruan sartzen diren bi animalia-espezieak.
Ehiza aldia luzatzeko arrazoi gisa, aldundiak esan du «beharrezkoa» dela orkatzaren eta basurdearen populazioak kontrolatzen jarraitzea ehizaren bitartez, «dentsitatea jaisteko».
Ehiza larriaren kanpaina luzatzeko foru aginduan dioenez, basurdeak eta orkatzak gutxituta, haiek nekazaritzan eta basogintzan «sortzen dituzten kalteak» gutxitzea lortu nahi da. Eta horretarako «ezinbestekoa» da ehizatzeko denboraldia luzatzea.
Dentsitatea igo da
«Azken hamarkadetan basurdearen eta orkatzaren populazioak zabaldu dira Gipuzkoan, eta espezie horien dentsitateak igo egin dira, batez ere orkatzarena azken urteotan. Egoera horretan, basurdeek nekazaritzan eragindako kalteak areagotu dira, baita orkatzarenak baso landaketetan ere», azaldu du aldundiaren Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak.
Basozainen esanean, zuhaitz enborrak eta adarrak zuritzen dituzte orkatzek, landareari kalte handiak eraginez. Ahuntzak baino kalte handiagoak eragiten dituzte landaketetan. Basurdeak, berriz, soroetan egin izan ditu triskantzak azken urteotan.
Irailaren 16an zabaldu zuten kanpaina. Ehiza garaian geratzen den denboran larunbat eta igandeetan bakarrik ehizatu ahalko da; Landa Ingurunearen Garapenerako diputatuak hartarako izendatutako Kontrolatutako Ehiza Lekuetan soilik eta dagokion plan zinegetikoan adierazitakoaren arabera egin daitezke ehizaldiak.