Arruabarrena enpresariari elkartasuna adierazteko eskatuko dute EAJk eta PSEk Lazkaon, gaurko udalbatzarrean
Lazkaoko Udalbatzak urtarrilari dagokion osoko bilkura gaur egingo du, 19:30ean hasita. Gai zerrendan, administrazio gaiak jorratuko dituzte lehenbizi: aurreko aktaren onarpena, Alkatetzaren erabakien berri ematea, Iturgaitzagako lanen kudeaketa Lazkao Lantzen SAri uztea, eta udal enpresa horren maileguan udalak bermea jartzea.
Bi mozio landuko dituzte, azken aldera. Batetik, etxegabetzeen inguruko mozioa. Bestetik, EAJk eta PSEk aurkeztuko dutena, Juan Carlos Iglesias Chouzas etakidearen aurka atera den epaiaren harira, Juan Antonio Arruabarrena lazkaotarraren aurka egindako hilketa saiakera gaitzesteko eskatuko diote Udalari. Espainiako Auzitegi Nazionalak 25 urteko kartzela zigorra jarri dio Iglesiasi, Arruabarrena enpresari lazkaotarraren aurka “hilketa saiakera” egin zuela eta. EAJk eta PSEk, batetik Arruabarrenari elkartasuna adierazteko eskatuko diote udalari; “Justiziak hilketa saiakeraren arduraduna aurkitu eta sententzia ezarri duelako poza” adieraziko dute mozioan, eta ETAri “berehalako disoluzioa” eskatuko diote.