Joan den urteko lehiaketak izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere martxan da bertsoak eta ikus-entzunezko lanak uztartzen dituen Bertsomovieda ekimena. Iazkoaren bidetik, lehiaketak egitura beretsua izango du, baina hainbat berrikuntza ere egin dituzte, tartean, sariena; izan ere, aurten sari gehiago eta potoloagoak jarri dituzte. Bihar zabalduko dute lanak aurkezteko epea.
Garbiñe Zurutuza, Joxe Ramon Iraola eta Aitor Sarriegi atzo, Beasaingo Igartza jauregian.
Joan den urteko lehiaketak izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere martxan da bertsoak eta ikus-entzunezko lanak uztartzen dituen Bertsomovieda ekimena. Iazkoaren bidetik, lehiaketak egitura beretsua izango du, baina hainbat berrikuntza ere egin dituzte, tartean, sariena; izan ere, aurten sari gehiago eta potoloagoak jarri dituzte. Bihar zabalduko dute lanak aurkezteko epea.
Beasaingo Arrano kultur elkarteak antolatu zuen lehiaketa iaz, aurreneko aldiz. Elkartearen izenean, Joxe Ramon Iraolak iazko edizioaren balantzea egin zuen. Iaz, bertsopaper lehiaketatik bertsomovieda lehiaketara jauzi egitea erabaki zuten, eta horri esker, «dezenteko arrakasta» izan zutela uste du. «Orokorrean maila ona zegoen eta mota ezberdinetako taldeek parte hartu zuten. Bestalde, aipatzekoa da kanpotik, saretik parte hartu zuen jende kopurua ere». Denera 26 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta ikusleen partetik, 3.000 bototik gora jaso zituzten.
Bere aldetik, Aitor Sarriegik aurtengo lehiaketaren inguruko xehetasunak eman zituen. «Labur esanda, bertsomovie bezala definitzen dugu bertsoa oinarri duen edozein bideo produkzio, zazpi segundutik gorakoa bada». Behin grabazioa eginda, bideoa Youtube, Vimeo edo Euskaltube plataformetakoren batera igo, eta bertsomovieda.com webgunean dagoen izen-emate orria bete behar da. Lehiaketan parte hartzeko epea bihar zabalduko dute, eta martxoaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.
Sariak, berrikuntza nagusia
Bertsomovieda lehiaketaren bigarren edizio honek izango duen aldaketa nagusia, sarien arloan egin dute. Izan ere, «iazko sariei eutsi eta pittin bat igotzeaz gain, berriak ere sortu» dituzte. Sarriegiren hitzetan, «iazko lanetan zer nolako aniztasuna egon zen ikusita, konturatu ginen agian helduak eta gazteak bi taldetan banatzea ondo legokeela». Horregatik, gazteen atal bat sortzea erabaki dute. Bertan, DBH4ra arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute. «Adin horretan, asko ikasbidaia egiteko dirua biltzen aritzen direla pentsatuta, gaztetxoei ere aukera hori eman nahi izan diegu».
Gazteen saria 400 eurokoa izango da. Horrez gain, sari nagusia puztu egin dute, eta 1.000 eurokoa izango da aurten. 350 euroko aipamen berezi bat izango da, eta baita bertsorik onenak dituen bideoarentzat ere, 250 eurokoa. Azkenik, «lehiaketa honen berezi- tasuna den sistema parte-hartzaileari keinu bat eginez, ikusleen saria ere izango da, ikusleen artean bozka gehien jasotzen dituen bertsomoviearentzat». Behin lanak aurkezteko epea bukatuta, martxoaren 18tik 24ra arteko epea izango da ikusleen sarirako botoa emateko aukera.
Beste aldaketetako bat, babesletzaren ingurukoa da; izan ere, Arrano kultur elkarteak Beasaingo Udalaren laguntza jaso du, iaz bezala, baina aurten, Orkli kooperatibak ere eman die dirulaguntza. Lehiaketan parte-hartzeko oinarriak, aurkeztutako bideoak eta botoa emateko aukera, bertsomovieda.com webgunean izango da. Sare sozialen bidez ere egingo dute zabalkundea.
Bertsoa, kultur adierazpide
Beasaingo udalaren izenean, kultura eta euskara batzordeko burua den Garbiñe Zurutuza zinegotziak parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian. Bertsomovieda, «bertsoa bultzatzeko modu berritzailea» dela azaldu zuen, «gure-gurea dugun kultur adierazpena, gaur egungo kultur adierazpen berriekin uztartzea helburu duen egitasmoa» delako.
Udalak, «bertsolaritza sustatzeko apustua» egina duela azaldu zuen. Zentzu horretan, bertso saioen antolakuntzan laguntzeaz gain, ikastetxeetan ahozkotasuna lantzeko proiektuak bultzatzen ari direla gogorarazi zuen, eta horri esker, Beasaingo bertso eskolan 16 ume dabiltzala.