Aierbek bildutako udaberriko zizak, Lasaren postuan.
Lierni Elortza • Azokako berriemalea
Baratzetan ezer berririk izatea garai honetan ez da espero izan behar, are gutxiago bota duen eriarekin. Hala ere, ferian itzuli bat eman eta mahaiz mahai, aukera berriak aurkitu ditugu. Urtarrilari agur dotorea eman dioten produktuen bilduma polita zegoen; berezienak, honako hauek:
Udaberriko zizak
Neurri eta itxura aldetik, aitzakirik gabeko zizak ikus zitezkeen Lasaren postuan. «Hauek kalibre onekoak dira» entzun genuen, haren postuaren inguruan bildutakoen artean. Ataungo Aierbek bildu eta Tolosako Fronton jatetxeko bezeroek jan ahal izango dituzte. Kiloa 150 euroan zuen salgai.
Tomate landarea
Ibarrako Esther Illarramendik aurreratu zigun joan zen astean, eguraldia lagun izanez gero, aste honetan lehen tomate landareak ekarriko zituela. Esan eta izan. «Jack motako tomatea da, negutegian aldatu beharrekoa eta berogailu eta guzti, profesionalek landatuak dituzte jadanik». Hazia erosi eta etxean ekartzen dute landarea; «lehen etxeko haziekin egiten genuen baino ez du hainbeste ematen. Lehen hauek erosi egiten ditugu eta geroxeagokoak bai, ia etxeko hazitik ekarritakoak izaten dira». Etxeko baratzeetan nahiz plastikopean izan, alferrik dela aldatzea garbi adierazten zien bezeroei Estherrek, «horretarako prestatutako lekua behar du».
Tulipanak
Bistaren gozagarri, tulipanak zituen Barazki Bizidunak postuko Mapi Gartziak. Bulboko lore ontzia 4,5 euroan du salgai. «Holandatik ekarritakoak dira hauek, hemengoak beranduago izaten dira. Hauek aurrera arazten dituzte Calceolaria (6 euro bakoitza) bezalaxe, horietarako propio dituzten negutegietan».
Tulipanen ondoan, naturan ere loratzen hasi berriak diren, primula edo Sanjose loreak ikusi genituen, bakoitza 1,5 euroan salgai.
San Blas opila
Gozo zaleentzako amu goxoa eta polita da San Blas opila. Igandean izango da San Blas eguna eta Udanako Ogia postuko Maite Iturbek, berak eginak, euro eta erdian zuen bakoitza salgai.