Zerbitzuak bermatzeko aurrekontuak onartu dituzte
Legazpiko Udalak 9 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du 2013rako. Kepa Urtzelai alkatearen hitzetan, «aurrekontu orekatua» izango da. Aurtengo urteari begirako zenbakiak, «gastuak mantenduz inbertsioak proportzionalki igotzeko» helburuarekin zehaztu dituzte. Iazkoarekin alderatuta, aurrekontua «antzekoa da, kopuru orokorra %0,25 txikiagoa baita». 2013ko udal aurrekontua Bilduren aldeko botoekin onartu zen herenegungo osoko bilkuran. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, eta Hamaikabat abstenitu egin zen.
Urtzelaik aurrekontuaren nondik norakoak azaldu zizkion udalbatzari. Hasteko, sarrera eta gastu azpimarragarrienak zerrendatu zituen. Sarreren atalean, hainbat zergen eta tasen igoerak sortu dituen diru sarrerak aipatu zituen, esate baterako lanen zergen igoerak iaz baino 105.000 euro suposatuko dizkio udalari. Sarrera hori, besteak beste, GKN enpresan eta Agirre-Etxeberri eremuan egingo dituzten lanetatik eratorriko da.
Aurrekontuetatik kanpo geratu bada ere, alkateak beste sarrera bati erreparatu zion. Gipuzkoako Urak enpresarekin hamar urterako sinatutako hitzarmenari esker, 471.000 euroko aparteko sarrera izango du udalak. Diru sail hori Nafarroa kaleko ur saneamendua eta horniketa berritzeko erabiliko dute.
Iaz baino inbertsio gehiago
Gastuen atalari dagokionez, igo edo mantendu diren partidak eta jaitsi edo kendu direnak aipatu zituen. Lehenari dagokionez, pertsonal gastuetan udal ingeniariaren itzulera eta Legazpi Baiko teknikariak postua utzi izana azpimarratu zituen. Junetorri autobus zerbitzuaren gastuak 80.000 eurokoak izango dira 2013an.
Etxez etxeko laguntza eta enplegu sustapenari dagozkion gastuak ere gora egingo dute aurten, 50.000 euro gehiago izango ditu lehenengoak eta 35.000 euro bideratuko dira bigarrenera. Kale argiterian eta eraikinen horniduretan ere zenbait gastu aurreikusten dira, iaz baino %20 gehiago. Dirutan 100.000 euro bideratuko dituzte gastu horietara.
Bestalde, Legazpi Baiko diru partida desagertu egin da bere horretan, eta bere baitan garatuko diren proiektuen inbertsioak beste sail batzuetara bideratu dituzte. Kredituetan iaz baino 42.000 gutxiago ordainduko du udalak, horietako bat kitatuta duelako dagoeneko. Gipuzkoako Foru Aldundiari 2009tik zor zaizkion 400.000 euroak bueltatuko zaizkio aurten, eta horrela, kitatuta geratuko da aldundiarekin duen zorra.
Inbertsioei begira, 2012an baino diru gehiago gastatuko du udalak aurten, alkateak esan zuenez. Lehenengo aldiz herritarrekin batera zehaztu dituzte egin beharreko zenbait inbertsio, herrian dauden behar eta lehentasunen arabera.
Hiru bilera egin dituzte guztira eta bertan zehaztu dituzte lehen bai lehen egin beharreko lanak zeintzuk diren. Santikutzeko espaloian egokitu irisgarritasuna bermatzeko, baita eskailerak egin eta arrapala kendu ere. Laubiden eta San Martinen eskailerak berritu, kale argiterian hobekuntzak egin eta zine proiektore berria erosi, besteak beste.