Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskara elkarteak urteko batzarra deitu du datorren ostiralerako. Aitor Lizarazu, zuzendaritza taldeko kideak esan duenez, aurreko urteko akta onartu eta gero, 2012an egindako ekintzen errepasoa egingo dute aurrena. Ondoren, «2013rako aurreikusita ditugun asmoak aztertu eta bazkideen proposamenak jasoko ditugu», gaineratu du.
Jon Erguin triatleta beasaindarrak bukatutzat eman du aurtengo denboraldia, "familiarekin %100ean egoteko". Euskadiko eta Espainiako neguko triatloi txapelketak irabazi ditu aurten ere Erguinek. Azken proba horren ondoren, denboraldia ia bukatutzat eman zuen, nahiz eta ez zuen erabat baztertu beste probaren bat egitea. Aurreko astean, ordea, lasterketa gehiagorik ez egitea erabaki zuen. Despedida moduan, azken Atxurbi mendian elurretan egindako azken entrenamendua grabatu du Erguinek, bideo ikusgarri batean.
Gorka Hermosa akordeoi jotzaile urretxuarrak kontzertua eskaini du asteburuan, jaioterrian. Jose Luis Monton gitarra jotzaile katalanarekin batera, 2011n argitaratu zuen Flamenco etxea lana aurkeztu zuen larunbatean, leporaino bete zen Urretxuko Labeaga aretoan. Musika estilo ezberdinen uztarketa da diskoa. Emanaldia Maria Berasarte abeslariaren, Selene Muñoz dantzariaren eta Hodei Lizaso perkusio jotzailearen laguntzarekin eskaini zuten.
Beasaindarrek gehiago birziklatzeko asmoz, jada jarrita zeuden edukiontzi marroiak erabiltzeko sistema berria jarriko dute martxoaren 4tik aurrera. Orain arte giltza bidez irekitzen bazen, orain txipa daraman txartel batekin irekiko da edukiontzi hau.