Ametsa bizirik
Hotz izugarria egiten du neguan Tindufeko kanpamenduetan. Bero, oso bero, udan. Gogorrak dira berez basamortuko bizi baldintzak, baina, are gogorragoak egiten ditu Marokoren irmotasunak eta nazioartearen pasibitateak.
Potentzia handien interesen morroi, Mendebaldeko Saharako gatazka ez aurrera ez atzera gelditu den bitartean, euren herrialdetik kanpo amore emango ez duen herria dago. Saharar herriak itzulerarekin egiten du amets, itzulera gauzatu dadin egiten du lan.
Saharatik urrun, Euskal Herrian bizi da Gurutze Irizar Fatimetu gaur egun. Urrun baina gertu, Ormaiztegitik Saharara begira bizi delako. «Toki berezia» da berarentzat basamortua, «handia, bukatzen ez dena, isila… Basamortuak norberan barrura begiratzen laguntzen du. Handitasun hartan konturatzen zara zein gauza gutxi garen, eta harrokeria kentzen dizu erabat».
1975eko abenduan iritsi zen Irizar Mendebaldeko Saharara. Gutxi lehenago herrialdea indarrez okupatzen hasiak ziren marokoar Martxa Berdea iparraldetik, eta mauritaniarrak hegoaldetik. Bertatik bertara bizi izan zuen gerra basatia eta exodoa ormaiztegiarrak. «Momentu horietan ez zegoen pentsatzeko astirik, bizitza salbatzea zen garrantzitsuena», gogoratzen du.
Orduan iritsi ziren sahararrak Argeliako Tinduf eskualdera. Behin-behineko kanpamenduak jarri zituzten, eta hala izaten jarraitzen dute. Sahararrek ez zuten espero gatazka horrenbeste luzatuko zenik, baina argi dute «behar den denbora guztia hartuko dutela. Helburu bakarra dute, —dio Irizarrek— etxera bueltatzea eta libreak izatea».
Muturreko baldintzak
Elikagaien hornitzea nazioarteko laguntzaren mende dago erabat kanpamenduetan. La Media Luna Roja erakundeak «kezkagarriak» direla dio malnutrizio eta anemia datuak. Uraren eskasiak ere ez du egoera inola ere hobetzen. Ausserd edo Smara kanpamenduetan, esaterako, kamioiez egiten da ur banaketa. Sare elektrikoa, berriz, bostetatik kanpamentu bakarrean dute. Ez dituzte azpiegitura sendoagoak egin, bertan behin-behinekoz daudelako. Hala ere, ospitaleak eta eskolak martxan daude; alfabetatze tasa %90ekoa da.
Zonalde okupatuan bizi diren sahararrek ere ez dute egoera xamurra bizi; eskubide sozial eta politikoen urraketa salatzen ari dira etengabean. Okupazioa babesteko, herrialdea hormatzarrez zatiturik dago, bunker eta minaz josia.
Zorigaitz humanitario honek, indarrean dirauen gatazka politikoa du oinarri. Kolonizatzaile izan zen espainiar gobernuak utzi zuen Sahara Marokoren eta Mauritaniaren esku. Erreferenduma egingo zuela agindu arren, 1976an bertatik erretiratu zen Martxa Berdearen sarrerari bidea irekiz. Ordundik, Marokok herrialdea militarki okupatuta izateaz gain, etengabe oztopatu ditu bake planak. 1991n hitzartu zuen Fronte Polisarioarekin erreferenduma egitea, su etenaz gain, baina oraindik ez du bete sinatutakoa. Irizarren arabera marokoar gobernuak «badaki aldez aurretik galdua duela erreferenduma, bestela egina zuen».
Nazio Batuen Erakundeareren ekimenek ere ez dute inongo emaitzarik ekarri. Erakundearen prestigioa «zalantzan» dagoela uste du Irizarrek. Frantziak, esaterako, beto eskubidearekin oztopatzen ditu NBEn Sahararen aldeko ekimenak, Marokoren aliatua delako.
Egoera ez aurrera ez atzera ikusita, herritarrak «nazkatuta» daude. Irizarren esanetan, «gazteek ez dute etorkizunik ikusten eta beraiek dira, gehien bat, gerrara itzultzea eskatzen dutenak. Baketsuak izateak ez die askorako balio».
Protesta guneak
Azken urteetan sahararren aurka izan den prozesurik larrienetakoa gertatzen ari da egunotan Marokon. Aurreko astean hasi zen Akdeim Izik-eko protesta gunean atxilotutako 24 lagunen aurkako epaiketa Rabaten. 2010eko udazkenean El Aaiun hiriaren inguruan, modu baketsuan, «Duintasunaren Kanpamentua» jarri zuten okupatutako lurretan diren sahararrek bizi duten egoera salatzeko. Militarrek kanpamentua erasotuta hildako eta atxilotu ugari eragin zituzten.
Gisa honetako albisteen aurrean, europar hedabideek «zentsuraz» eta «manipulazioz» jokatzen dutela ikusten du Irizarrek. Espainiar estatuan ere nabarmena da Saharako albisteen falta.
Gatazkaren irtenbidea nondik etor litekeen ez du argi Fatimetuk: «Batzuen ustez ekonomikoa izan daiteke. Marokok saiakerak egin ditu petrolioa ustiatzeko, baina, beste ustiatzaile batzuk aurka agertu dira». Argi duena da, espainiar gobernuaren ardura behintzat badela irtenbidea bilatzea.
Batzuen edo besteen irtenbideak iritsi bitartean, goierritar ugarik ematen die babesa sahararrei. Badira aste batzuk eskualdeko hainbat herritan Saharako errefuxiatuei bidaltzeko elikagai bilketa egiten ari direna, eta hilaren 24an, igandea, Ormaiztegin urteroko lasterketa egingo dute.
Salem Hach Embarek-en seigarren memoriala izango da –Irizarren senarra zen Hach Embarek–eta biltzen duten dirua Sahararen aldeko ekintzetara bideratuko dute antolatzaileek. Hamar kilometroko proba izango da, Ormaiztegiko kaleetan barrena, eta ondoren kilometro bateko luzeera izango duen proba testimoniala egingo dute. Probari buruzko informazio gehiago www.sahara-cross.com helbidean dago. Lasterketak kirol ikuspegitik harago bi herrialdeen arteko harreman izaera izango du beste urte batez, ametsak bizirik jarrai dezan lagunduz.