Ordiziako Goen kaleko harategian, moxalkiaz gainera, bestelako produktuak ere saltzen dituzte.
Irlandako elikagaien segurtasunerako agintaritzak bertako eta Erresuma Batuko bost saltoki handietako hanburgerretan zaldiki hondarrak aurkitu zituela jakinarazi zuenetik, berriak komunikabide guztietara egin du salto. Horrek zaldikiaren kalitatearen inguruko galderak piztu ditu, eta, zenbait lekutan, baita informazio faltsua zabaldu ere. Euskal Herrian zaldi edo moxal haragia jateko ohitura oso hedatuta ez dagoen arren, jaki oso estimatua da munduko beste zenbait lekutan, Italian, batez ere. Gipuzkoan ere, ez da oso ohikoa moxalkiaren kontsumoa, baina bada haragi mota hori saltzen duen harategirik bertan. Tolosako Lizarralde da, apika, beteranoenetarikoa. Orain 30 urtetik saltzen dute hor moxal haragia. Beste batzuk berriagoak dira. Oñatin, esaterako, lau bat harategik komertzializatzen dute haragi mota hori orain urtebetetik hona, eta Ordizian, Martin Aginalde eta Elena Aristorena senar-emazteek orain hilabete ireki dute Muxala harategia, moxal haragian espezializatua.
Aginalde larrauldarra da izatez, baina Ordizian bizi eta lan egiten du egun. Orain hiru urtetik, moxalak hazten ditu haragitarako Nafarroan duen lur sail batean. Baserri giroan jaio da, eta aitortu du animaliak beti izan dituela gustuko. Hortik datorkio afizio hori. Harategia ireki aurretik, moxalak Iruñeko enpresa bati saltzen zizkion. «Haiek Italiara saltzen zuten gero», azaldu du Aginaldek.
Baina zerealen prezioaren igoerak negozio «polita» zena ezinezko bihurtu zuen. Kexu da: «Prezioek ikaragarri egin dute gora, eta, gaur egun, ez da errentagarria, moxal bat hazteko gastatzen duzun dirua ateratzen baituzu horren salmentatik», azaldu du. Horregatik erabaki zuten emazteak eta biek harategia irekitzea. «Etxean martxa hartua genuen, eta ikusi genuen hazitako moxalei errentagarritasuna ateratzeko bide bakarra bitartekorik gabe geuk zuzenean saltzea zela».
Hilabete da Ordiziako Goen kalean harategia ireki zutenetik. Hor, ia denetik saltzen dute, baina, bereziki, moxala. Moxalkiaren «txuletak, maskala, xerrak, hanburgerrak, haragi bolak, txorizoak eta gisatzeko haragia» saltzen dituzte, besteak beste. Txerrikia eta oilaskoa ere badituzte, baina txekor haragirik ez dute saltzen. «Ez dugu bezeroen artean mesfidantzarik sortu nahi», argitu nahi izan du Aginagaldek.
Haragi osasuntsua
Jendea jakin-minez biltzen da egun hauetan harategira. Batzuk, lehenengo aldiz probatzeko asmoz, baina beste bezero batzuek eskerrak ere eman dizkiete. «Asko dira moxal haragia jateko ohitura dutenak, baina hemen inguruan erosteko aukerarik ez zuten; asko Tolosara joaten ziren», esan du Aginaldek.
Sartu-irtenak ugariak dira harategian. Zenbait bezeroren artean, agerikoa da ikusmina. «Harategia ireki zutela jakin, eta segituan etorri naiz erostera. Banekien moxala jaten zela, baina orain arte ez dut inon erosteko aukerarik izan», azaldu du batek. Beste zeinbatek ohiturari eustea dute helburu: «Guk moxala betidanik jan dugu etxean. Orain hogei bat urte Ordiziako Urdaneta kalean bazegoen moxalkia saltzen zuen harategi bat, baina Tolosara joan izan gara, orain arte. Gainera, guk ere etxean moxalak hazi izan ditugu haragitarako».
Probatu dutenek esandakoaren arabera, haragi samurragoa eta gozoagoa da. Aginaldek berak azaldu du: «Osasun eta nutrizio azterketa ugarik argi utzi dutenez, behikiaren eta txerrikiaren aldean, abantaila asko ditu». Zink ugariko haragia da, ezin hobea, adibidez, diabetikoentzat. «Intsulinaren asimilazioa errazten du», azaldu du Aristorenak, besteak beste. «B bitamina ere badauka, eta zauriak sendatzea errazten du». Gihar kolageno gutxi du, eta, hortaz, errazago murtxikatzen da. Ondorioak agerian utzi ditu Aginagaldek: «Digestioa errazten du, eta ez du betekada sentsaziorik uzten».
Muxala harategian, gainera, bertan hazitako eta zaindutako animaliak izatearen bermea dute bezeroek. «Animalia delikatua da moxala», azaldu du Aginagaldek. Lastoa, pentsua eta ura ematen dizkie berak, eta aire librean hazten ditu: «Ibiltzeko lekua behar izaten dute». Beste haragiek baino prezio merkeagoa dauka, bitartekorik gabe saltzen dutelako.
40 urtez moxalak hazten
Moxalak hazteari buruz Jose Luis Zabalok ere badaki zerbait. Zabalo Ezkio-Itsasoko Mendizabal baserrian jaio zen, orain dela 72 urte, eta haurra zenetik izan du harremana animaliekin. Ezkondu eta Zumarragara bizitzera joan zen arren, Korta baserrian jarraitu zuen moxalak eta behiak hazten; 40 urte eman ditu lan horretan.
Zabalok ere, Aginaldek bezala, moxalak hazi eta haragitarako saldu ditu urte askoan, «Italiara eta Iranera esportatzen zituzten», dio. Orain, hala ere, esaten du moxalak hazi eta esportatzea ez dela errentagarria. «Zaletasunagatik» jarraitzen du: «Egun, dozena bat baino ez dut». Gainerakoan, moxal haragia «oso gustuko» du Zabalok. Orain 60 bat urte, Urretxun eta Zumarragan bazegoen haragi mota hori saltzen zuen harategirik, baina ez omen zuten arrakasta handirik izan. «Garai hartan, ez zegoen horrenbesteko kontrolik». Dena den, egun saltzen den haragia ezin hobea dela uste du.
Bien bitartean, Aginaldek Goierrin eta inguruetan moxal haragia ezagutarazteko lanean jarraituko du. «Orain artean, asteko moxal bat saldu dugu», esan du, eta bezero askok errepikatu egin dutela dio. Behin bezero finkoak lortuta, inguruko herrietako harategietara jo nahi du, moxalak piezatan saltzeko. Moxalkiaren iraultza iristear dago; merkatu oso bat dago oraindik, jaki honen inguruan lantzeko.