Itziar Pildain (Urretxu, 1984) da aniztasun eta bizikidetza mahaiko dinamizatzaile berria. Urretxuko Udalak, momentuz, sei hilabeterako martxan jarri du proiektua. 2013ko urtarrileko erroldako datuen arabera, 391 etorkin bizi dira Urretxun, 33 nazionalitate ezberdinetakoak. Hori horrela, jaiotzez urretxuarrak direnen eta kanpotik bertara bizitzera etorri direnen arteko bizikidetza bultzatzea du helburu proiektuak.
Bilduk ez beste alderdi guztiek ez diete emendakinei babesik eman arrazoi teknikoak argudiatuta. Zumarragako osoko bilkurak berezitasun bat izan du oraingoan, EH Bildu koalizioaren baitako Aralar alderdiko Sebas Iturriotzek eta Josu Aztiriak hitza hartu baitute. 2013ko aurrekontuen gainean egindako ekarpenen gaineko bozketaren harira hitz egin dute. Aurrekontuei egindako emendakinen berri eman dute, aurretik Agurtzane Basabe Zumarragako Udaleko kontu-hartzaileak, «arrazoi teknikoak tarteko» EH Bilduk aurkeztutako 37 ekarpenak atzera botako zituztela iragarri badu ere.
Udalbiltzak, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak, bere burua berrantolatzeko batzarra egingo du larunbat honetan. Dagoeneko 1.227 hautetsik eman diote babesa, tartean 153 alkatek. Horietako bat da Igor Eguren; Ordiziako alkatea ez ezik, Udalbiltzako talde sustatzaileko kidea ere bada.
Urretxuko eta Zumarragako Bi-Tartean merkatarien elkarteak bosgarren stock azoka antolatu du asteburu honetarako. Ostiraletik igandera arte egongo da irekita aukeren azoka hau, ohiko lekuan, Ederrena pilotalekuan. Antolatzaileek esan dutenez, bertan «kalitatezko produktuak preziorik onenean eskuratzeko» aukera ez da faltako.