Elurraren eraginpean agurtu ditu otsailak Ordiziako feriak. Handiena pasatu denaren zantzuak baldin badaude ere, bota duenak zer esana eman du, eta baita lanen martxa nabarmen mugatu ere . Saltzaile asko falta ziren eta zeudenetako batzuk komeriak izan dituzte barazkiak biltzen. Orendaingo Pepi Ayestaranek esan duenez, «geuk jateko ere porruak ezin aurkituz ibili nintzen, aza buruak ere ez ziren nabarmentzen; erabat berdinduta zegoen baratza». Aramako Patxi Arizmendik, berriz, «katuak bezala porruak elur artean bila» ibili dela zioen; umorerik ez zaie behintzat falta kontatzerakoan. Beraz, zeuden gehienak negutegi barnekoak ziren, edo lehenago bildutakoak.