«Jende aurrean behin kantatuz gero, bertsoak ez dira ahazten»
Erraietaraino sartua du Roman Elosegik (Zaldibia, 1953) bertsoetarako zaletasuna. Hainbeste, ezen buruz ikasiak dituen denak bata bestearen atzetik kantatzen hasita «lau-bost ordu» aise pasatuko lituzkeen. Irakurri edo entzun dituen bertsoak gustatzen zaizkionean, jarriak nahiz bat-batekoak, buruan hartzen ditu. Gero, jende aurrean kantatzen ditu, otordu ondorenetan-eta. Imanol Lazkanori abenduan Ordizian egin zioten omenaldian, hark behin amonari jarritakoak bota zituen, mila entzuleren aurrean.
Erraietaraino sartua du Roman Elosegik (Zaldibia, 1953) bertsoetarako zaletasuna. Hainbeste, ezen buruz ikasiak dituen denak bata bestearen atzetik kantatzen hasita «lau-bost ordu» aise pasatuko lituzkeen. Irakurri edo entzun dituen bertsoak gustatzen zaizkionean, jarriak nahiz bat-batekoak, buruan hartzen ditu. Gero, jende aurrean kantatzen ditu, otordu ondorenetan-eta. Imanol Lazkanori abenduan Ordizian egin zioten omenaldian, hark behin amonari jarritakoak bota zituen, mila entzuleren aurrean.
Ordizian harritu zenituen denak.
Ondo kantatu al nituen? Ez ditut aditu. Telebistak hurrengo egunean emango zituela, baina ez zituen eman. Kantatuko nituela banuen nik konfiantza; baina, orain, nola kantatuko nituen… Mikrofonotik behin ere aritu gabe nago.
Lehenengo saioa zenuen jende aurrean, plazan?
Bai, mikrotik lehenengoa. Jende aurrean aritu izan naiz makina bat aldiz, afal ondorenetan, tabernetan eta horrela. Ordizian kantatu nituen bertsoak mila aldiz kantatuta egongo naiz. Horregatik, segurantzia baneukan kantatuko nituela. Orain, nola… Askotan, tonua-eta ez da tabernan bezala izaten.
Zer irudipen egin zizun oholtzak?
Nahiko lasai aritu nintzen. Batek esan zidan: «Etxean bazkalduta ez hadi joan!». Neure artean, arrazoia eman nion. Belarriko bertigoak mareoak ematen dizkit, eta, egun hartan, eman zidan. Etxean bazkalduta, eta urarekin, gainera. Arratsalderako, horregatik, pixka bat arindu zitzaidan. Ardo trago bat egin nuen, eta hankak zabaldu eta eskuak zutik jarrita, asentua badaezpada ere. Hangoak ez zidan bertigorik eman; pasatuta neukan ordurako gehiena.
Lazkanok zer esan zizun?
Lazkano zoratzen egoten da. Lehen ere adituta zegoen. Goierriko bertsolariek bazkari bat egiten dute, urtero, eta, azkeneko bietan, Akapulko esaten diogun lekuan egin dute, gure etxetik gora. Lazkano andrearekin urtero etortzen da. Ni azkeneko bi urteetan joan naiz, eta kantatu nizkien bertsoak. Lehengo batean ere Lazkanoren etxean izan ginen, berak gonbidatuta, bazkaltzen. Omenaldia antolatzen ibili zirenak, Ordiziako ikastolakoak, Azpeitikoak… 30 bat lagun ginen. Kantatu nituen, eta ni, gustura.
Zeinen bertsoak dakizkizu?
Gehienak Imanol Lazkanorenak, eta Manuel Lasarte zenarenak, oraindik gehiago. Bi horien liburuak dauzkat, eta leitzen aritu, eta saio bat gustatzen bazait, buruan hartzen ditut. Gero, jendearen aurrean behin kantatuz gero, ez dira ahazten. Beti neure kasa berritu egiten ditut.
Ikasten asko kostatzen zaizu? Irakurri ahala barneratzen dituzu?
Irakurri ahala, ez, baina erraz, bai. Garai batean eskola baino errazago! Pentsatu izan dut lehenago bertso eskolak egon balira ni apuntatuko nintzela aurrenekoa.
Zein beste bertsolariren bertsoak dakizkizu?
Lazkao Txikirenak ere asko, txapelketetan kantatutakoak-eta. Bilintxek potajeari jarritakoak, Txirritarenak, Uztapiderenak… Liburuetatik irakurritakoak eta zintetatik entzundakoak dira; adituaren poderioan geratu egiten zaizkit. Joxe Agirre Oranda hil berria denak badauzka andrea zenari jarritakoak, eta aurrekoan, Amezketako batek ekarri zizkidan paperean, nik ikasiko nituzkeela eta. Segituan ikasi nituen. Larunbat batean ekarri, eta jai gauean lanera joan behar nuen, eta aberia makinan. Egunkaria leitzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan autoan nituela Agirreren bertsoak. Haiek hartu —bi orduko geldialdia baitzegoen aberiarekin—, eta, bi orduan, hamabi bertsoak ikasi nituen. Etxera etortzerako, denak kantatu nituen; neure kasa buruan pasatu nituen denak. Ordenagailuan sartuta daude jada.
Horiek oraintxe kantatzeko gai izango zinateke, hasi eta buka?
Bai, denak. Hurrengo afaria egiten dugunean, amezketarra etortzen denean kantatu beharko ditut. Orain, ez da giro hauek kantatzen. Jainkorik ez du aipatzen, baina… Fabrikan kantatzen ari nintzela, malkotan egon nintzen. Andre zenari jarritakoak dira, sentimenduzkoak oso. Afal ondorenerako, tristeak.
Eta, horrela, zenbat bertso dituzu?
Ez ditut kontatu. Orain dela gutxi, lagun batek esan zidan polita; pasadizo bat kontatzen ari zen, eta esan nion ez nintzela gogoratzen. Erantzun zidan: «Hortaz ez haiz akordatzen? Bostehun bertso edukiko dituk buruan eta!». Bada, eduki igual. Nik kalkulatzen dut lau-bat ordutik bostera ariko nintzatekeela buruz dakizkidan denak kantatzen.
Non kantatzen dituzu?
Otordu ondorenetan-eta. Jendeak eskatzen dizkit, holako edo halako. Gehiena kantatzen dudana izaten da udan, artzainek Enirion bazkaria egiten dutenean. Beharko kantatu! Etortzen dira, bat-batean, bertsotan oso poliki aritzen direnak ere, baina ez diete uzten haiei; nik kantatu behar.
Gehiena zein eskatzen dizkizute?
Omenaldian kantatutako haiek, Lazkanok amonari jarritakoak. Ederrak dira. Bestela, ama-alabei jarritakoak gehientsuen: Lazkano ama, eta Sebastian Lizaso alaba, gaia jarrita. Bat-batean kantatutakoak dira. Ikaragarri dotoreak dira launa bertso biek.
Bertsotan bat-batean aritzen zara?
Bai, aritzen gara zerbait, lagun artean bakarrik. Inora ateratzeko moduan, ez. Lehen, gehiago aritzen ginen. Afizioa ume-umetatik izan dut. Behizain beti bertso libururen bat hartuta joaten nintzen, txapelketako bertso liburuak-eta. Niretzat, bertsolariak ez ziren mundu honetakoak; beste mundu batekotzat jotzen nituen. Nik ez nuen pentsatzen bertsorik kantatzerik zegoenik ere. Gero, 17-18 urterekin ateratzen hasi ginenean, lagun artean-eta kantatzen genuen. «Ez duk horren zaila eta». Ez, zaila ez… [barreak]
Bertsolarietan, garai batekoak ala oraingoak dituzu nahiago?
Nik zaharrak nahiago, geu ere zaharrak gara eta. Bertsoak, denak gustatzen zaizkit, baina grazia handiagoa lehengo zaharrek egiten didate. Orain ere bai, irratitik eta entzuten ditudanean. Berriak ere gustuko ditut; ematen dituzten saio denak entzuten ditut.
Gazteetan, zein dituzu gogoko?
Orain ari direnetan, Sebastian Lizaso, Egaña, Lujanbio… Arzallus bestea, fenomenoa dena. Egañaren bertsoak bat edo beste baditut, baina besteenak ez. Libururik ez dute oraindik eta. Jarritakorik ere ba al dute? Batere ez. Horiek, etorri ahala bota.
Liburuetakoak bertso hobeak al dira bat-batekoak baino?
Jarritakoak, normalean, txukunagoak izaten dira. Bat-batekoak ere ederrak badira. Ama-alabena, esaterako, bat-bateko saioa da, eta ikaragarri barregarria da. Jendeari izugarrizko grazia egiten diote; gazteei ere bai.
Bertso sortaren bat ba al duzu ikasi nahian, begiz jota?
Gustura entzungo nukeen saioa da Agirre zena eta Azpillagarena. Santa Ageda eskeko doinuan, gaia jarri zieten: Azpillaga joaten da Orandaren baserrira, Santa Ageda eskean; Azpillaga kanpotik, eta Agirrek barrenetik erantzuten dio. Kristoren saioa da, eta inon ez ditut aurkitzen horiek. Aspaldikoak dira bertsoak, orain dela hogeitaka urtekoak, baina grabatuta daude. Hamar-dozena bat kopla izango dira. Azpillagak atean kantatu eta Agirrek barrenetik erantzuten dion bezala, hori da zorroztasuna.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.