Gazte lokalen ordenantzari apirilaren 25a bitarte jar dakizkioke alegazioak
Ordiziako Udalbatzak martxoaren 7an egin zuen osoko bilkuran onartu zuen aho batez herrian dauden gazte lokalak arautzeko ordenantza. Gazteek aisialdi alternatiborako erabiltzen dituzten guneek gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintzak betetzen dituztela bermatzea, eta bestalde, erabiltzaileei eta auzotarrei trabarik eta arriskurik ez sortzea dira ordenantzaren helburuak. Ordenantza jendaurrean ikusgai dago, eta apirilaren 25ean bukatuko da alegazioak aurkezteko epea. Denbora tarte horretan inork erreklamaziorik aurkezten ez badu, behin betiko onartuta geratuko da araudia.
Iban Asenjo Zerbitzuetako zinegotziak bilkura egunean azaldu zuenez, Ordizian era horretako zortzi lokal daude, eta horietako seirekin harremanetan jartzea lortu dute udal ordezkariek. «Lokal batean arazoak ere izan dira, eta ordenantza honek lagun dezake etor daitezkeen arazoak bideratzen». Iñaki Dubreuil PSE-EEko zinegotziak adierazi zuen «poza» ematen duela azken lau urteetan mahai gainean egon den gai bat landu dela ikusteak.
Hiru helburu nagusi
Hiru dira behin-behineko ordenantza horren helburuak. Gazte lokalek gutxienezko baldintzak bete dituztela ziurtatzea (bizigarritasuna, garbitasuna eta erosotasuna), eta baita segurtasunari lotutakoak ere. Hori da lehenengoa. Gazte lokalen erabilera eta auzotarren eskubideak bateratzea –dagozkion neurri zuzentzaileak hartuta– da bigarrena, eta hirugarrena eta azkena, gazte lokaletan sor daitezkeen arazoak murriztea, eta gazte eta auzotarren arteko bizikidetasuna bultzatzea.
Ordenantzak lurzoru hiritarrean eta industrialdeetan dauden lokalei eragingo die, bai gaur egun daudenei eta gerora irekiko direnei ere. Hemeretzi artikuluk osatzen dute ordenantza berri hau, eta arau-hasteak ere ondo zehaztuta daude. Ordenantza hori udaletxean bertan eskatuta lor daiteke, eta udalaren webgunean ere kontsulta daiteke.